Primeranen estreinatuko dute 'Karmele' filma, otsailaren 11n
Jone Laspiur, 'Karmele' filmean. Otsailaren 11n iritsiko da Karmele filma EITBren Primeran doako plataformara. Iazko Zinemaldian aurkeztu zuten Sail Ofizialean, lehiatik kanpo, eta ordutik ibilbide luzea izan du jaialdi eta aretoetan.
Asier Altunak zuzendua, Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzako pasarte batzuk kontatuz, 1937tik 1947rako tarte historikoa eraman zuen pantailara. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarri. Hortaz, memoria historikoari oso lotua da filma. 1936ko gerra, euskaldunen erbestea, Eresoinka taldea, erresistentzia, Venezuelako diaspora eta euskal espioien lana ageri dira filmean.
Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi aktoreek jokatzen dituzte Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren rolak. Haien gurasoena egiten dute, bestalde, Nagore Aranburuk eta Javier Barandiaranek.Txintxua Films, Esnatzeko Ordua Films eta Gastibeltza Filmak daude ekoizpenaren atzean. Argazkia Javier Agirrerena da. Eta musika, Aitor Etxebarriarena.
