Aizepe elkarteak kide bat kaleratu du, «emakumeak sukaldera sartzen uzteagatik»
Ibon Sarasola Monzon donostiarra IRUTXULOKO HITZArekin harremanetan jarri da, publikoki salatzeko Aizepe elkarte gastronomikotik behin betiko kaleratu dutela, "emakumeak sukaldera sartzen utzi ostean". Aizepek dioenez, aldiz, bestelako arrazoi batzuengatik kanporatu dute. Emakundek elkarteari gomendatu dio estatutuak aldatzeko.
Aizepe elkartea, Parte Zaharrean. Beñat Parra Gero eta gehiago dira aurrerapausoak eman, eta emakumeak berdintasunez onartzen dituzten Donostiako elkarte gastronomikoak, baina, oraindik ere, badaude emakumeen presentzia modu batera edo bestera mugatzen duten elkarteak. Horietako bat da Parte Zaharreko Aizepe, eta, hain zuzen ere, Ibon Sarasola Monzon donostiarra “behin betiko” kaleratu du elkarteak, bazkide ohiak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, emakume bat sukaldean sartzen utzi ostean. Aizepe elkarteko zuzendaritza batzordeak bere bertsioa helarazi dio hedabide honi, eta, horren arabera, “arauak eta bizikidetza haustea, hainbat bazkideri errespetu falta, difamazioa, jokabide ez zintzoa eta desegokia…” izan dira bazkidea kaleratzeko arrazoiak, “benetan larriak”.
1924an sortua, Donostiako elkarte gastronomiko beteranoenetako bat da Aizepe, eta bere estatutuetan espresuki jasotzen du soilik gizonak izan daitezkeela bazkide, eta, baita ere, emakumeak eta haurrak soilik sartu daitezkeela elkartean barne araudian zehaztutako data, egoera eta baldintzetan. Gogoratu behar da, bestalde, elkarte horretakoa dela soilik gizonezkoak onartzen jarraitzen duen danborrada bakarra; hain zuzen ere, 2026ko San Sebastian egunean, Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileetako kideak gonbidatu zituzten elkartearen danborradara.
Sarasolak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, 2024ko amaieran utzi zion emakume bati elkarteko sukaldean sartzen: “Familia bazkari bat nuen, eta beheko solairuan nengoen, bazkaria prestatzen. Jaitsi zen emakumezko senide bat, eta galdetu zidan ea laguntzerik zuen. Nik banekien emakumeak ezin direla sartu sukaldera, baina ez nion eragozpenik jarri. Nolabait, suminaldi bat eduki nuen: ‘Zergatik ezingo dira emakumeak sukaldera jaitsi?’. Jaitsi, eta lagundu zidan xerra bat ogi birrindutan pasatzen”.
“Nolabait, suminaldi bat eduki nuen: ‘Zergatik ezingo dira emakumeak sukaldera jaitsi?’. Jaitsi, eta lagundu zidan xerra bat ogi birrindutan pasatzen”
Ibon Sarasola Monzon, Aizepeko bazkide ohia
Sarasolak dioenez, beste bazkide batek egoera hori ikusi zuen, eta han bertan eztabaidatu ziren. “Handik egun batzuetara, zuzendaritzak bilera batera deitu ninduen”, azaldu du donostiarrak: “Onartu nuen emakume bat jaitsi nuela sukaldera eta lagundu zidala bazkaria prestatzen. Handik egun batzuetara deitu zidaten, esanez urtebetez kaleratzen nindutela”.
Dioenez, saiatu zen zuzendaritzako kideei “ulertarazten” gertatutakoa ez zela horren larria: “Ustez, ezin dira edariak kalera atera, ezta elkartean drogak kontsumitu ere. Modu berdinean neurtzen dute droga kontsumoa eta emakume bat sukaldean sartzea, eta ez dute horren zorrotz jokatzen edariak ez ordaintzearekin edo kalera ateratzearekin, adibidez”. “Gaur egun, ezin da egon arau bat debekatzen diena emakumeei elkarte gastronomiko batean sartzea”, gaineratu du.
Gaia publiko egitea erabaki zuen Sarasolak, “behintzat, jendeak jakin dezan Donostian badaudela, oraindik ere, emakumeen kontrako halako jarrerak elkarte batzuetan”
Behin betiko kaleratzea
Urtebeterako kaleratua izan ostean, Sarasolak azaldu duenez, 2025eko abuztuaren edo irailaren bueltan, “behin betiko” kaleratzearen berri eman zion elkarteko zuzendaritzak: “Barne araudiko arau batzuk eta estatutuak urratu nituela esan zidaten, ahoz: emakumeak sukaldera jaitsi nituela, kafe makina erabili zutela, diziplina falta, elkarteko beste kide batzuekiko jarrera…”.
Horren aurretik, 2024ko abenduan —kaleratzea urtebetekoa zenean—, Sarasola Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin harremanetan jarri zen, baita bertan Aizeperen aurkako kexa bat aurkeztu ere. Emakundek ustezko sexuagatiko diskriminazioagatiko ikerketa abiatu zuen, eta aurtengo urtarrilaren 22an atera du ebazpena. Bertan jasota dagoenez, 2024ko abenduaren 11n helarazi zioten kexa Aizeperi, eta elkarteak zera erantzun zuen: “Aizepe soziedadeak, erakunde pribatu ez-publikoa den aldetik eta asoziazio eskubidearen arabera, EJn erregistratutako estatutuetako legezko araudia betearazten die bere bazkideei, eta ez dira berdintasun gaien xede, ez eta haiei eragiten ere”. Era berean, Aizepek erantzun horretan zioen Sarasola “bazkide gatazkatsua” zela eta “araudiko hainbat artikulu” urratzen zituela.
Horrela, elkarteak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, “abokatuen esku” utzi dute gaia, beraien arabera, bazkidea kaleratu izanaren arrazoiak arestian aipatutakoak direlako eta “soziedadea difamatzen ari delako, eta gertakari horiek ere delitu izan daitezkeelako”, Era berean, “zuhur” jokatzeko eskatu diote hedabide honi “izan litezkeen ondorio judizialengatik”.
Behin betiko kaleratzea jaso ostean, gaia publiko egitea erabaki zuen Sarasolak, “behintzat, jendeak jakin dezan Donostian badaudela, oraindik ere, emakumeen kontrako halako jarrerak elkarte batzuetan”. Era berean, gutun ireki bat helarazi zion 2026ko urtarrilean Aizepeko zuzendaritzari, gertatutakoa salatuz eta zenbait eskaera eginez: “Kanporatze zehapena baliogabetzea”, “erabakiaren eta espediente osoaren hitzez hitzezko kopia entregatzea”, “zehapen prozedura bera etetea” eta “entzuteko eta adosteko barne prozesu bat gaitzea”.
Hain zuzen ere, Sarasolak dio elkarteko kide izaten jarraitu nahiko lukeela, “baldin eta aldaketak egiten badira, emakumeak libreki sartu ahal izateko elkartean”. Ildo horretatik, bere ustez, Aizepeko eta halako elkarteetako bazkide gehienak, gaur egun, “emakumeen presentziaren alde daude”: “Baina jendeak ez du arazorik eduki nahi, bazkide gutxi joaten dira batzarretara eta, oro har, jendea ez da bustitzen”.
Emakundek gomendio argia egin dio Aizepe elkarteari: “Estatutuetan egin beharreko aldaketak egitea, zuzeneko diskriminazio argia desagerrarazteko”.
Emakunderen gomendioa
Emakundek, bere ebazpenean, gomendio argia egin dio Aizepe elkarteari: “Estatutuetan egin beharreko aldaketak egitea, zuzeneko diskriminazio argia desagerrarazteko”. Zehazki, puntu hauek aldatzeko eskatu du erakundeak: “Bazkidearen sarrera eskatzeko gizonezkoa izan behar da. Bazkide plaza bat hutsik geratzen bada hainbat arrazoirengatik, plaza huts hori gizon batek soilik bete dezake. Sozietatean sartzeko baimena ematen zaio sozietatetik kanpoko gizonezko pertsona orori. Emakumeak eta haurrak erregelamenduz ezarritako data, egoera eta baldintzetan bakarrik sartu ahal izango dira elkartean”.
Hain zuzen ere, zera gaineratu du Emakundek: “Euskadiko beste elkarte batzuk ere ahalegina egin dute euren estatutuak eta funtzionamendua egungo gizartearen errealitateari egokitzeko. Genero berdintasunerantz bilakaera positiboa erakutsi duten elkarte gastronomiko asko agertu dira gizartean. Zalantzarik gabe, berdintasunak bat egiten du elkarte gastronomikoen idiosinkrasia osatzen duten balio askorekin”. Emakunderen gomendioaren harira, Aizepeko zuzendaritzak dio “aurreko gertaeraren ondorioa” dela eta zera erakusten duela: “Gure arauak erabat legezkoak direla eta aholkuak soilik egin daitezkeen eremu pribatu batera mugatzen direla”.
Bestalde, Emakundek Aizeperi gogorarazi dio “jarraipena” egingo duela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 68. (b) artikuluaren babesarekin, “egindako gomendioak betetzen diren jakiteko”.

