Arzallusen agerraldia eskatu du Ezker Anitzak, Illarra, Villa Ereski eta Erregeneako aferaren harira
Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiako zinegotzia (Ezker Anitza alderdiko kidea), gaurko prentsaurrekoan.Ezker Anitza “Interes orokorrak ez zaintzea eta gutxi batzuen negozioa erraztea”, leporatu dio Ezker Anitza alderdiko kide eta Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotzi Arantza Gonzalezek udal gobernuari, jakin ondoren “EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalari Illarra, Villa Ereski, Deposituak eta Erregenea eremuetako etxebizitza garapenei buruzko hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aldaketaren hainbat gai baliogabetzen zituen 2024ko epaia behar bezala ez duela gauzatu, eta, gainera, baliogabetzat jo duela 2025eko uztaileko osoko bilkuraren erabakia, HAPOa epai honetara egokitzeko dokumentua onartu zuena, eta udalari ezarri ziola prozesuko kostuak ordaintzea”.
“Esaten dugu ez dela interes orokorra defendatu, 482/2024 epaiak udala behartzen duelako babes publikoko 112 etxebizitzetatik 200 baino gehiagora pasatzera; Ereskin gutxi batzuek gozatzeko izango ziren 3.000 metro koadroak orain herritar guztientzat izango direlako eta udal gobernuak Erregeneara eraman dituen 5.175 metro koadroak ezin direlako Hiri Espazio Libreen Sistema Orokor gisa kalifikatu, babestutako landa lurzoru direlako”, gaineratu du Gonzalezek.
Horregatik, zinegotziak Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du, “kudeaketa hondamendi honi dagozkion azalpenak eman ditzan”: “Argi geratu da sustatzaile pribatuen interesak lehenetsi direla donostiarren interesen aurretik, etxebizitza eskuragarria eraikitzea eskatzen baitute”.
