Gazteentzako 42 etxebizitza eraikiko dituzte Aemeten Intxaurrondoko eraikin zaharrean
Intxaurrondoko Aemet erakundearen egoitza zaharrean eraikiko dituzten etxebizitzen simulazioa.Eusko Jaurlaritza Iazko martxoan iragarri zuten Aemet erakundearen Intxaurrondoko egoitza zaharra Donostiako Udalari doan lagako ziola Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzarekin hala adostuta; oraindik, ordea, ez da lagapena gauzatu. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, lagapena gauzatzeko negoziatzen ari dira orain, eremu horretan gazteentzako 42 etxebizitza eraikitzeko proiektua esku artean dutela.
Espainiako Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Euskal Herriko Lurralde Ordezkaritzaren egoitza izan zen urte luzez, 2015ean ixtea erabaki zuten arte. Ordutik, eraikina utzita egon da, eta hainbat sute izan dira egoitzaren barruan. Horrela, iazko otsailean, eraikinaren barrualde guztia eraisten hasi ziren, eta soilik kanpoko egiturak jarraitzen du zutik gaur egun. “Egindako egitura analisiak berresten du higiezinaren bizkarrezurra –5,40 x 5,40 metroko hormigoizko zutabe eta forjaketa sare erregularra– egoera onean dagoela, eta erabat berreskura daitekeela”, azaldu du Jaurlaritzak.
Hori dela eta, Etxebizitza Sailak bertan garatzeko aurreproiektua ondu du MID estudioak egina, David Serrano Amatriain eta Maier Velez Olabarria arkitektoen zuzendaritzapean: “Planteamendua premisa argi batetik abiatzen da: dagoen egitura ahalik eta gehien aprobetxatzea, ezinbestekoa den lekuetan bakarrik esku hartzea eta bolumena berrantolatzea etxebizitza argitsuak, eraginkorrak eta bizigarritasun estandar altuak lortzeko. Proposamenak eraikina ekialde mendebalde orientazio baterantz birmoldatzen du —etxebizitza guztiak garbitzeko egokiagoa—, eta estalkiaren barruko kale berri bat sortzen du, sarbideak artikulatuko dituena eta bizikidetza eta zaintzak sustatzeko pentsatutako espazio komunitario gisa balioko duena”.
Guztira, 42 zuzkidura bizitoki sortu ahal izango dituzte: logela bateko 38 bizitoki eta bi logelako 4 etxebizitza egokitu. Esku hartze osoaren aurrekontua 5.848.827,72 eurokoa da, eta hor sartzen dira bai beharrezko birgaitze eta handitze obrak, bai kanpoko urbanizazioa eta baratzeen egokitzapena.
