Metroaren lanek eragindako Loiola eta San Martin kaleen urbanizazio lanak lizitatu dituzte
Artzain Onaren aurrean egindako lanak amaituta, berreskuratu egingo dute eremu hori. Euskal Trenbide Sareak 1,3 milioi eurotan atera ditu lizitaziora Metroak eragindako Loiola eta San Martin kaleen urbanizazio lanak, Artzain Onaren parean. Guztira 3.500 metro koadro inguruko azaleran esku hartuko dute eta esleipena duen enpresak, gehienez, zortzi hilabeteko epea izango du lanak osatzeko.
Hala, San Martin kaleak hiru errei izatetik, oinezkoentzat izatera igaroko da Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko tartean. Gainera, bizikletentzako bidegorria izango du.
Xabier Zubiri plazara sartzeko kanoiaren, Easo kalera igotzeko igogailuaren eta San Bartolome kaleko larrialdiko aireztapenaren lanak amaitu zirenetik, Donostiako erdialdean obren lehen fasea hasi zenetik okupatutako azaleratik 3.700 metro koadro itzuli zaizkio hiriari joan den udatik.
