27ko belaunaldiko emakume poetak omenduko ditu Musikene Big Bandak
Musikene Big Band.Musikene Musikene Big Bandak 27ko belaunaldiko emakume poetak omenduko ditu ostiralean, hilaren 13an, 19:00etan Musikeneko Auditorioan egingo duten kontzertu berezian. 27ko emakume poetei kantari izeneko emanaldian literatura, aldarrikapen historikoa eta formatu handiko jazza uztartuko dituzte, Miguel López zuzendariaren moldaketekin eta Sheila Blancoren jatorrizko konposizioarekin.
Proiektuaren abiapuntua Blancoren diskoa da; bertan, konpositore eta pianistak ahotsa eta musika jarri zien 27ko belaunaldiko hainbat emakume idazleren olerkiei. Kontzertuak testu horiek dimentsio adierazkor berri batera eramango ditu, Big Band formatuaren bidez. Hortaz, okasiorako, Lopezek moldaketa esklusiboak prestatu ditu, kantak jazzera hurbilduz eta Blancok sortutako errepertorioari bultzada berria emanez.
Kontzertuaren atariko gisa, Blanco hilaren 11tik 13ra bitartean izango da Musikenen; eskola magistral bat emango du eta Big Bandaren entseguetan parte hartuko du, egunotan. Ostiraleko kontzertuarekin amaituko du egonaldia.


