Eguzkik salatu du oraindik ez dagoela Donostiako hondakinen gaikako bilketa hobetzeko bide orririk
Hondakin organikoak jasotzeko edukiontzia. Eguzki talde ekologistak salatu duenez, “Donostiako Hondakinen Udal Batzordea eratu eta hamabost hilabete geroago, oraindik gaikako bilketa hobetzeko bide orririk ez dago”: “Donostia da Gipuzkoan etxeko hondakinak gaika bereizita gutxien biltzen dituen herria, alde handiarekin, gainera. Doi-doi iristen da %42ra. Hondakinen Legeak, berriz, 2025rako ‘gutxienez’ %55era iritsi behar zuela agintzen zuen”.
Ekologistek gogorarazi dutenez, “legeak 2025erako ezarritako gutxienezko bilketa maila bete-betean urratzera zihoala ikusita, Donostiako Udalak zerbait egin behar eta 2024ko azaroan Hondakinen Batzordea eratu zuen. Batzordeak, alderdi guztietako ordezkariek osatuta, honako helburuak zituen: ‘Zabortegira bidaltzen diren hondakin kopurua murriztea, gaikako bilketa handitzea, birziklatzea eta berrerabiltzea areagotzea eta sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak (horiek ere legeak aginduta) aztertzea'”. “Donostiak 2025eko helburuak urratu ditu, baina legeak 2030erako beste batzuk ezartzen ditu, eta horiek behintzat bete beharko lituzke”, gaineratu dute.
Horrela, alde batetik, salatu dute udalak oraindik ez duela “egin beharrekoa egin” eta, bestetik, “agerraldi haietan parte hartu zuten taldeekiko errespetu falta, proposamenen laburpen aktarik ere bidali ez zaielako”. “Ingurumen politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienekoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri, ekonomia zirkular, klima aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoak itxurakeria baino ez dira, ez dute inolako sinesgarritasunik”, gehitu dute.


