Kalapiek bizikletaren aldeko politikak azkartzea eskatu du
Kalapiek Hiriko Txirrindularien Elkarteak hiriko mugikortasunari buruzko datuen balorazioa egin du idatzi batean. Cristina Enea Fundazioak duela aste batzuk argitaratutako 2024ko Iraunkortasun eta Klima Txosteneko datuak baliatuta, zenbait ondorio atera ditu.
Kezka adierazi du azken urteotan hirian bizikleta erabiltzaileen kopuruaren hazkundean izandako geldialdiagatik. Datuak “negatibotzat” jo ez arren, “ez dira nahikoa onak” egungo klima larrialdiaren testuinguruan, batez ere inguruko hiri askotan bizikletaren erabilera etengabe hazten ari denean. Egoera hau “are esanguratsuagoa” da kontuan hartuta garraioa dela hiriko karbono isurien iturri nagusia. Horregatik, Kalapieren ustez, ez dira “behar bezala bideratu” pandemian sortutako joera positiboak. Gainera, PMUSek 2029rako 2023an baino gutxienez 7.500 bidaia gehiago izatea ezarri zuen helburu, baina kopuruak hortik urruti daude. Horregatik, bizikletaren aldeko “apustu argiagoa” egitea eskatu dute.
Horrez gain, bizikletaren erabiltzaileen genero banaketak ere kezkatzen ditu. Izan ere, urteak daramatza emakumezkoen datuak %40an geldirik. “Genero-parekotasuna termometro garrantzitsua da bizikletaren erabileraren normalizazioa baloratzeko, eta datuek erakusten digute oraindik bidea dugula egiteko”.
Bidegorri sarearen garapenari dagokionez, berriz,hura “sendotzeko eta hazteko” aurrekontu partida egonkorrik ez egoteak dute kezka iturri. Inbertsio berrien zati handi bat aurrekontu parte hartzaileetatik dator, eta gainerakoan, bizikleta mugikortasunean egindako inbertsioa nahiko urria da.
Aipatutako guztiaren ondorioz, bizikletaren aldeko politikak azkartzea nahi dute, esku hartze estrategikoen bidez: Mirakruz, ospitale eta lan gune nagusietarako bidegorriak gauzatzea, aparkaleku seguruak sortzea, garraio publikoaren eta bizikletaren arteko intermodalitatea hobetzea, dauden bidegorrien kalitatea berritu eta hobetzea, eta hiri-inguruneetan trafikoa gehiago baretzea.”Bizikletaren alde irmo egitea funtsezkoa da mugikortasun iraunkorrago, osasungarriago, seguruago eta hiriko klima helburuekin lerrokatu baterantz aurrera egiteko”.


