Zabalik da 37. Gazteen Antzerki Topaketetan izena emateko epea
Gazteen Antzerki Topaketaren 37. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu du Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren laguntzaz. Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan (agertoki gainean edo atzean), hala ikusle izan.
Era berean, kultura ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi du udalak, eta kultura jarduerak bultzatu horrela. Bestalde, Topaketak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu, haien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita haien kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere.
Hainbat alderdi baloratuko dituzte, hala nola proiektu artistikoaren originaltasuna, taldearen ibilbidea eta euskararen erabilera.
Deialdian parte hartu ahal izateko, taldeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:Talde ez profesionala izatea; partaideen adina 14 eta 30 urte artekoa izatea; Lehentasuna emango zaie Donostiako ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independenteei (azken horien kasuan, taldeko partaideen %50ak, gutxienez, hirian erroldatuta egon beharko dute).
XXXVII. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartu nahi duten taldeek eskaera inprimakia bete beharko dute, antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera, eta 2026ko martxoaren 11 baino lehen gazteria@donostia.eus posta elektronikora bidali. Hemen irakur daitezke Gazteen Antzerki Topaketaren oinarriak


