36. Lilatoiak badu bere kamiseta
Martxoaren 1ean egingo dute 36. Lilatoia, eta Donostiako Atletiko klub antolatzaileak aurtengo kamiseta aurkeztu du dagoeneko. More argia da 2026ko elastikoa, erdian 36. Lilaton idatzita duela.
Emakumeentzako eta genero disidenteentzako herri lasterketa da Lilatoia, urtero Bulebarretik abiatuta egiten dutena, milaka lagunen parte hartzearekin. Kirola, aldarrikapena eta jai giroa uztartzen dituzte lasterketan, Donostiako kaleak betez. Aurtengorako izen ematea irekita dago oraindik, Lilatoiaren webgunean.
IRUTXULOKO HITZA Lilatoiko babesleetako bat da, eta hedabide honetako bi kazetari izan dira azken urteotan lasterketako esatariak; aurten ere, hala izango da.



