Aldundiak administrariei C2 maila eskatzea «gehiegizkoa» dela dio Donostiako auzitegi batek
LABek eta ELAk aldundiaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea.LAB CCOO sindikatuak Gipuzkoako Aldundiaren 2024ko urriko lan deialdi baten kontra egin zuen. Administrazio orokorrerako 34 teknikari hautatzeko prozesuan, lanpostu guztiei C2 maila eskatzea “gehiegizkoa” zela argudiatu zuen. Orain, Donostiako auzitegi batek arrazoia eman dio sindikatuari. Hain zuzen ere, CCOO bera izan da epaiaren berri eman duena, eta Berria egunkariak jaso du.
Sententziaren arabera, aldundiak ezarritako euskara eskakizunak “era bidegabean” gainditzen du legeak ezarritako derrigortasun indizea. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da, hain justu ere, derrigortasun indizea. Datu soziolinguistikoak kontuan hartuta kalkulatzen da. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen ehuneko hori, eta, ikuskera horri lotuta, goragoko eskakizunak ezarri dituzte askotan erakundeetan. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta gehienez hori eska daitekeela ondorioztatu dute, esaterako, hainbat epailek.
CCOOk azken urteotan behin eta berriz emandako argudioa berritu du, eta, esan duenez, lan eta hizkuntza eskubideak “bateragarriak” dira, eta errespetatu egin behar dira, betiere “proportzionaltasun soziolinguistikoak” kontuan hartuta.


