Ekialdeko Barrutiarentzat «urte galdua» izan dela deitoratu du EH Bilduk
Udal gobernuak hemendik aurrera Barrutian zein urrats egingo dituen galdegingo diote Jon Insausti alkateari, arratsaldeko batzarrean.
Garbiñe Alkizak hitz egin du udaleko prentsa aretoan.EH Bildu EH Bilduk bat egin du Ekialdeko Barrutian ordezkatuak dauden eragile eta elkarteek berriki argitaratu duten idatziarekin: Donostiako Udalak bizkarra ematen dio Ekialdeko Barrutiari. Deitoratu dutenez, “berehalako aldaketarik gertatzen ez bada, Barrutia organo ezgai, huts, eraginik gabe eta sortu zeneko helburuetatik erabat urrun geratzeko arrisku erreala dago”.
Egoerarekin kezkatuta agertu da EH Bildu, eta berretsi dute “ezinbestekoa” dela Ekialdeko Barrutia “babestu eta indartzea” bertan onartzen diren proiektuek aurrera egin dezaten. Hori dela eta, gaur 18:30ean egingo de Barrutiaren batzarrean parte hartuko dute. Bertan galdegingo diote Jon Insausti alkateari hemendik aurrera “zehazki zein urrats” egingo dituen.
Gaur goizean, agerraldia egin dute udaletxeko prentsa aretoan. Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak hitz egin du, Zigor Etxeburua eta Mikel Osinalde Ekialdeko Barrutian EH Bilduko ordezkariekin batera. Ekialdeko Barrutiarentzat “urte galdua” izan dela esan du Alkizak.
Eneko Goia alkate ohiak iazko martxoaren 19ko Ekialdeko Barrutiko batzarrean esandakoak gogora ekarri ditu: “Ekialdeko Barrutiko unitatea sortzeko aukera aztertzen ari zirela adierazi zuen, horretarako lehenengo kapitulua handitu gabe. Gaineratu zuen borondatea bazuela horretarako eta norabide horretan lanean ari zirela. Orduan azaldutako asmoek emaitza gutxi eman dituzte azken urte honetan. Udal gobernuak ez du diru sailik aurreikusi balizko proposamen hori gauzatu ahal izateko 2026an eta gainera, ez zuen hori ahalbidetuko zuen zuzenketarik onartu. Ia urte bete pasa da Eneko Goiak adierazpen horiek egin zituenetik inongo aurrerapausorik eta eraginkortasunik gabe”.
Hori dela eta, EH Bilduren ustez, udal gobernuaren jarrera “ez da onargarria”. “Gobernuak bazuen bere kabuz ekiterik Barrutiaren eraginkortasuna hobetzeko, baina ez du aski bultzadarik eragin egoera onbideratzeko horretaz ohartarazi dugun arren eta eskaera eta proposamen zehatzak egin ditugun arren”, nabarmendu du Alkizak.
Udal taldeak espero duena da alkateak “bere ardurak bere gain” hartu eta azalpenak emateko “aukera probestuko” duela. “Kontrakoa ez genuke ulertuko, ez EH Bildun, ez Ekialdeko Barrutian”, zehaztu du zinegotziak. Neurri zuzentzaileak hartu behar direla gaineratu du: “Horretarako, errotik aldatu behar da Ekialdeko Barrutiaren funtzionamendu eredua eraginkorra izan dadin. Ekialdeko Barrutiko Batzordeak hartutako erabakien ezarpen efektiboaren eta udal egitura hori osatzen duten kideei zor zaien errespetuaren mesedetan eman beharreko gutxieneko urratsa da”.
Horretarako, EH Bilduren ustez, “ezinbestekoak” dira bi helburu hauek: “Batetik, aurrekontua kudeatzeko eta gauzatzeko eskumen gehiago izatea Ekialdeko Barrutiko batzarrak. Bestetik, langilez hornitzea Ekialdeko Barrutia. Ekialde Barrutiak haren teknikari propioak izatea”.


