Giza Eskubideen Zinemaldiaren gazte epaimahaian izena emateko epea zabaldu dute
Gazteak giza eskubideen zinemaldian.Donostia Kultura Apirilaren 23tik 30era bitartean izango da 23. Giza Eskubideen Zinemaldia, eta dagoeneko gazteen epaimahaian izena eman daiteke, martxoaren 26ra bitarte. Zinemaldiaren webgunearen bidez egin behar da.
Gazte epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 bat gaztek osatuko dute. Film laburrik onena aukeratuko dute gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du. Horrela, parte hartzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Viktoria Eugenia antzokira joan beharko dute apirilaren 22an, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, zinemaldian zehar, Viktoria Eugenia antzokiko 19:00/19:30eko saioen %80ra joan beharko dute, gutxienez.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu.


