Lotune berri bat egingo dute AP-8an, Donostiako konexioak hobetzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiak AP-8an egin nahi duen lotune berriaren simulazioa.Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia inguruko zirkulazio konexioak hobetzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du lotune berri bat eraikiko duela AP-8an; zehazki, Galarreta parean, Hernanin. “Donostialdeko ingurune honetako zirkulazioa bideratuz; Miramonekin, ospitaleekin eta Hernanirekin loturak hobetuko dira eta trafikoa arinduko da intentsitate handiko zenbait puntutan”, azaldu du aldundiak. Momentuz, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak eraikuntza proiektua idazteko lizitazioa atera dute.
Lotunea ez dute berehala eraikiko hala ere. Erredakzioa “udazkenean” amaitzea aurreikusten du aldundiak, eta, orduan, proiektua bera garatzeari ekingo dio: “Gutxi gorabehera, inbertsioa 15 milioi euro ingurukoa izango da, eta lotune berria errealitate bihur liteke bi urteko epean” esan du Felix Urkola diputatuak. “Datu horiek proiektuaren definizio teknikoarekin zehaztuko dira, edonola ere”, gaineratu du aldundiak.


