Mozorro festa batekin salatuko du Bizilagunekin plataformak aire trafikoak turistifikazioan duen eragina
Donostiako aireportua. Foursquare Beste urte batez, Bizilagunekin plataformak umore giroa baliatuta hegazkinen joan-etorriak Donostiaren turistifikazioan duen eragina azaleratuko du. Hala, ostiralean, hilak 13, Amara Berriko Ilunki elkartea San Sebastian Green Premium Experience International Airport bihurtuko du. Mozorro festa 18:00etan hasiko dute, Asier Ibarguren eta Aitor Etxebarriazagarra bertsotan arituko dira, jan-edana izango da, eta DJen musikak girotuko du gunea.
Horren bidez salatu nahi dute turistifikazioaren seinale direla Donostiak 100 kilometroko tartean bost aireportu izatea —Hondarribia, Biarritz, Noain, Loiu eta Foronda—, horretara bideratutako azpiegitura publikoak eta hegazkin konpainiek dituzten bai diru laguntza, bai hobariak. Garraiobide kutsatzaileena izan arren, klima larrialdi betean, “turismo industriaren interesen menpeko hedabideek eta erakunde publikoek” hegaldi eta bidaiari kopuruen haztea ospatze gaitzetsi dute. Gainera, Hondarribiko aireportuaren kasuan, Donostiaren elitizazioan jokatzen duen papera nabarmendu dute, “jet pribatuen bidez, luxuzko turismoaren sartu- irtenerako funtsezko plataforma bihurtu baita”.
Desazkunde turistikoaren norabidean, aire trafikoa murriztu eta egungo sustapen politikak eteteko neurriak ezartzea eskatu dute. Halaber, donostiarrei dei egin diete inauteri festan parte hartzera, mozorrotuta joatera eta desazkunde turistikoaren aldeko borrokara batzera.


