Arrieta Rodriguezek hogei onenen artean sailkatzea du helburu
Eskiatzaile donostiarra elkarrizketatu du 'Berria' egunkariak, eta prest dago Italiako Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko.
Pasa den astean hasi ziren Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoak. Oraindik egun batzuk falta dira Arrate Rodriguez eskiatzaile donostiarraren estreinako partaidetzarako. Hilaren 18an izango da, eslalomeko proba.
Italiara joan aurretik, Berria egunkariak elkarrizketatu du, eta hemen osorik irakur daitekeen arren, jarraian irakur daitezke pasarte batzuk.
Azken bi urteetan eman dituzun aurrerapausoek saria izan dute azkenean.
Asko eskertzen da egindako lanak saria izan duela ikustea. Alde horretatik, oso pozik nago. Saria oso handia da gainera, egunero ez baita izaten Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera. Europako eta munduko txapelketak jokatuta nengoen, gaztetxoen mailan. Baina hau beste kontu bat izango da.
Non zeuden Olinpiar Jokoetara joango zinela esan zizutenean?
Suitzan, entrenatzen. Deia jaso baino egun batzuk lehenago, ez nekien zer irizpide bete behar ziren Olinpiar Jokoetara joateko. Inork ez zidan ezer aurreratu. Urtarrileko probetan lortutako emaitzei esker, ehun eskiatzailerik onenen zerrendan nengoen. Iaz ere oso ondo aritu nintzen, eta postu onean amaitu nuen zerrenda horretan. Bada, esan zidaten postu horietan eutsiz gero aukerak izango nituela Jokoetara joateko. Hori entzun eta gero, aita urduritzen hasi zen [barrezka]. Baina entrenatzaileak ez zidan ezer esaten. Nik ere ez nion ezer galdetu nahi. Federazioak hautatuen zerrenda argitaratu baino egun bat lehenago baieztatu zidaten. Baina eskatu zidaten inori ez esateko, ezta gurasoei ere! Biharamunean, ohi bezala, entrenatzera joan nintzen. Sakelako telefonoa estaldurarik gabe izan nuen goiz osoan. Entrenatzetik itzuli nintzenerako, berria zabaldua zen, eta telefonoa piztu nuenean, deiez eta mezuz beteta nuen. Denei erantzuten hasi nintzen. Izugarria izan zen.
Aurten ere, denboraldi bikaina egin duzu orain arte.
Bai. Hori kontuan hartuta, banuen Jokoetan egoteko itxaropena. Hala ere, ez nuen argi, eta barneratuta neukan ez banintzen joaten ez zela ezer gertatuko. Espainiako Federazioak asko igo du exijentzia, eta nahiz eta irizpideak bete, bazitekeen kanpoan gelditzea. 93. nago munduko zerrendan, baina oraindik ez dut Munduko Kopako proba batean parte hartu. Azaroan jokatu zen lehen proba, Levin [Finlandia]. Han egoteko aukeratu ninduten, baina ezin joan azkenean, arazo fisiko batzuk zirela eta.


