Astebururako plan bila Donostian?
Bele (Lide Hernando). Zer plan astebururako Donostian? Gure agendan kultur eta aisialdi ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta horrez gain, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu jarraian. Era berean, ez ahaztu Donostiako inauteriak hasiko direla gaur, eta askotariko jarduerak antolatu dituztela datozen egunotarako. Era berean, aurtengo azken kaldereroak eta inude eta artzainak kalera aterako dira asteburu honetan: Antiguakoak, ostiralean kaldereroak (18:00etan haurrak eta 20:30ean helduak) eta larunbatean inude eta artzainak (11:30).
Ostiralean (hilak 13), Bele artista donostiarraren —Lide Hernandoren proiektu berria da— kontzertura joatea da gure proposamena. 1980ko hamarkadako doinuak modernizatuta eta euskaraz ekarriko ditu Dabadabara, 20:30ean. Gauerdian, Kristina, Hoesis, Mend3s eta Suso DJ-ak arituko dira. Sarrerak aretoaren webgunean daude salgai.
Larunbatean (hilak 14), inauterien bueltako bestelako plan bat gomendatzen dizugu: Eskifaiaren inauteriak. Donostiako Piratetako gazte kofradiak bere egitarau propioa antolatu du, Easoko frontoian (Amara): 12:00etan, trikipoteoa; 14:00etan, bazkaria —txartelak Herria tabernan daude salgai, 10 euroan—; 15:30ean, bingo musikatua; 16:30ean, desfilea eta sari banaketa; 17:00etan, DJ autogestionatua eta, 20:00etan, trikibuelta Parte Zaharrera. Mozorrotzeko gaia ere zehaztu dute: marrazki bizidunak.
Igandean (hilak 15), asteburua ixteko, Altxerri aretora joatea da gure proposamena. Luismi Segurado jazz pianistak bakarkako kontzertua emango du, 20:00etan. Sarrerak han egongo dira salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat, azkenik: Amazoniak. Antzinako etorkizuna erakusketa dago ikusgai San Telmo museoan, eta bisita gidatua egin daiteke astearteetan. 18:00etan, euskaraz, eta, 10:30ean, gaztelaniaz. Izena eman behar da, museoaren webgunean.


