Finala pixka bat gertuago dauka Realak
Realeko hainbat jokalari, Turrientesen gola ospatzen, San Mamesen.Reala Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa jokatu zuen asteazken gauean Realak, baita irabazi ere. Eta ez zen nolanahiko neurketa, Athleticen aurkako derbia baitzen, San Mamesen. Ligan elkarren aurka jokatu dituzten bi partidetan gertatu zen moduan —3-2, Anoetan eta 1-1, San Mamesen—, txuri-urdinak nagusi izan ziren jokoari dagokionez atzo, eta markagailuan ere gailentzea lortu zuten: 0-1.
Donostiarrak, salbuespen batzuekin, talde nahiko titular batekin atera ziren zelaira: Remiro atean —Marrero ari zen jokatzen kopan, Osasunaren aurka heroia izan zen, baina min hartuta dago—; Aramburu, Jon Martin, Caleta-Car eta Sergio Gomez atzean; Turrientes eta Gorrotxategi erdian eta Guedes, Soler, Marin eta Oiartzabal zelai erditik gora. Bilbotarrak, aldiz, baja askorekin iritsi ziren neurketara, eta hamaikako hau zelairatu zuen Ernesto Valverdek: Padilla; Lekue, Monreal, Laporte, Adama; Rego, Jauregizar; Iñaki Williams, Unai Gomez, Navarro; eta Guruzeta. Bi taldeak lehiakor atera ziren zelaira lehenengo minutuetatik, eta area batean zein bestean arriskua sortu zuten. Pixkanaka, ordea, txuri-urdinak jokoan gailentzen joan ziren, eta beraienak izan ziren neurketako gol aukerarik argienak. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Alex Padilla atezain zarauztarraren partida, geldiketa garrantzitsuak egin baitzizkien Realeko jokalariei.
Hainbat gol aukera eduki ostean, atsedena heltzear zela, 43. minutuan, eztabaida handia sortu zuen jokaldia gertatu zen: Caleta-Carrek buruz errematatu zuen, area barruan, Sergio Gomezen erdiraketa bat eta baloiak Laporteren eskuan jo zuen, argi eta garbi. Epaileak, jokaldia telebistan ikusi gabe, ez zuen penaltia adierazi nahi izan, argia bazirudien ere. Egungo futboleko arauekin, zaila da jakitea zer adierazi behar den halakoetan, baina erabakia, gutxienez, eztabaidagarria da; jokalarien eta Matarazzo entrenatzailearen haserrea eragin zuen, hain zuzen ere.
Bigarren zatian, nagusiago
Lehen zatian nagusi izan bazen, Reala are nagusiago izan zen bigarren zatian, nahiz eta Athleticek ez etsi eta gol aukeraren bat edo beste eduki. Hain zuzen ere, Valverdek aldaketa laukoitza egin zuen 56. minutuan, Ruiz de Galarreta, Nico Williams, Selton eta Nico Serrano zelairatuz. Minutu batzuez, bazirudien Athletic gai izango zela markagailuan aurreratzeko, batez ere, Williamsek —%100era ez badago ere— eta Seltonek sortutako arriskuarekin. Ordea, Turrientesek moztu zuen Athleticen goranzko joera: Solerrek pase bikaina eman zion Guedesi, Padillak penalti egin zion, baina epaileak jarraitzen utzi eta Turrientesek sarera bidali zuen baloia, 0-1-ekoa egiteko (62. minutuan).
Neurketa apur bat baretu zen hortik aurrera, nahiz eta zuri-gorriak berdinketaren bila joan eta txuri-urdinak bigarren golaren bila. Ez batak eta ez besteak, ordea, ez zuten lortu. Valverdek Vesga atera zuen 82. minutuan. Matarazzok, bestalde, Elustondo eta Oskarsson zelairatu zituen 74. minutuan, Herrera eta Odriozola 85.ean eta Ochieng gaztea luzapenean, baina neurketa ez zen aldatu. Reala abantailarekin atera zen San Mamesetik.
Apirilean Sevillan jokatuko den finaletik gertuago daude txuri-urdinak, baina neurketa horretarako txartela oraindik ez daukate esku artean. Finalerdien itzulerakoa martxoaren 4an jokatuko dute, Anoetan, eta Athletic dena ematera aterako da. Hala atera beharko dira Pellegrino Matarazzoren mutilak ere; bitartean, beste final batekin amesteko baimena dute realzaleek.


