Bueltan da 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa
Bueltan da Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen duten Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloa. Horren barruan, hiru saio antolatu dituzte otsaila eta apirila bitartean, eta haietan, hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek Elhuyarreko zientzia komunikatzaile Ana Galarraga Aiestaranek egindako aurrez aurreko elkarrizketaren bidez. Solasaldiak euskaraz egingo dituzte Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
Lehena, hilaren 24an aurrera eramango dute. Virginia Garcia Pena astronomoak (Pasai Donibane, 1979) Eguzki-eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago hizpide izango du, izan ere, abuztuaren 26an, Euskal Herriko leku askotatik ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa gertatuko baita. Garcia Pena Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide aktiboa da, eta dibulgazio- eta hezkuntza-proiektuak garatzen ditu. Zortzi urtez aritu zen planetarista-lanetan Eureka! Zientzia Museoan, eta 2021az geroztik, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko eta federazio horrek sustatutako Astronomia Emakumeen Taldeko kide da.
Martxoaren 24an, berriz, Adimen artifiziala, begirada kritiko batetik solasaldiaren protagonista Usue Mori Carrascal donostiarra izango da. 1987an jaioa, matematikan lizentziaduna da, eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. EHUko irakasle agregatua da Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta akademiatik harago ere lan handia egiten du, adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzeko.
Azkenik, apirilaren 28an, Mijo Lizarzaburu Garcia (Ondarroa, 1998) filosofo transfeminista eta lodiaktibista ondarrutarraren txanda izango da, Lodifobia, gorputzen diziplinamendua eta kontrol soziala izenburudun saioan. Gaur egun Filosofia, Zientzia eta Balioak doktorego programan parte hartzen du Euskal Herriko Unibertsitatean, IAS-Research taldean. Horrez gain, militante feminista ezaguna da. Batez ere, lodifobia eta gorputzen diziplinamendua eta patologizazioa ikertzen ditu, estrategia politiko gisa.
Egitasmo honen helburua da emakume zientzialariak ezagutaraztea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren Emakume zientzialarien argitan podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.
