Etxea errepresentazio espazio kolektibo gisa
Filma: Sentimental Value
Zuzendaria: Joachim Trier
Urtea: 2025
Herrialdea: Norvegia
Aurrez hainbat film zuzendu baditu ere, Joachim Trierrek The Worst Person in the World (2021) lanarekin lortu zuen nazioarteko aitortza. Kutsu existentzialistaz baliatuta, egungo gizarte europarraren izaera likido eta aldakorraren erretratu zintzoa eskaini zigun bertan, gazte grinatsu eta aseezin baten azaletik. Protagonistaren (eta hark ordezkatzen duen belaunaldiaren) egonkortasun falta, ziurgabetasun afektiboa, konpromisoarekiko beldurra eta ezintasun emozionala lehen lerrora ekarri zituen, umore ironikoz estalirik.
Bere lan berrienean, familia giroan jarri du fokua, Ingmar Bergmanen ondarea berreskuratuko duen drama intimista onduz. Maisu suediarrari egindako erreferentziek ehunduko dute Sentimental Value, eta horiek ez dira ezkutukoak izango: Trierrek ez du bere burua estaltzen, eta ikus-entzuleok gustu handiz jasoko ditugu gai zein forma aldetik egindako keinuak.
Nora (Renate Reinsve) eta Agnes (Inga Ibsdotter Lilleaas) ahizpek euren aita karismatikoarekin (Stellan Skarsgård) duten harreman hotza da filmaren abiapuntua. Zinemagile arrakastatsua da gizona, eta bere azken ekoizpenean alaba gazteenak parte har dezan nahi du; honek ezezkoa eman ostean, izar estatubatuar bat kontratatuko du.
Familia dinamika eta pertsonaien arteko hartu-emana, ordea, lehen geruza interpretatzailearen emaitza baino ez dira. Zorrotz begiratuta, Sentimental Value esanahi geruza sakonagoetan xehatzen da; izan ere, filmak etengabe jokatzen du antzezpenaren barruko antzezpenaren ideiarekin (mise en abyme), errepresentazioaren mekanismoak agerian utziz, bai dramaren barruan, bai dispositibo zinematografikoan bertan.
Trierrek ez du filmaketa seta ezkutatzen; aitzitik, familiak egitura instituzional gisa duen izaera artifiziala bistaratzen du. Eta etxea da aipatutako errepresentazio horren espazio sinbolikoa: sorkuntzarako, babeserako eta iheserako lekua izan daiteke, baina baita zauriak berriz irekitzeko eta iraganarekin aurrez aurre talka egiteko agertokia ere. Eta hemen dator Sentimental Value filmaren irakurketa interesgarriena, etxea Europa zaharraren historia, kultura eta moralen metafora bihurtzen baita. Zeharka, XX. mendean barrena egindako ibilbidea proposatzen du filmak, bere gatazka, drama eta tragediekin: esparru pribatuaren baitan, memoria kolektiboaren ariketa kritikoa eskaini digu Trierren lan berrienak.


