«Inauteriek sentiarazten didatena azaldu ezinezko sentimendu bat da»
Alegria de Alza inauterietako konpartsako dantza irakaslea da Lorena San Emeterio (Bidebieta, 2002). Betidanik izan da dantza oso garrantzitsua berarentzat, eta konpartsakideei hori transmititzen saiatzen da, urtero. Bihar irtengo dira denak desfilean.
Lorena San Emeterio, inauterietako entsegu batean. Alegria de Alza Inauteriak dira munduan gehien gustatzen zaizuna.
Azaldu ezinezko sentimendu bat da. Nire ama, haurdun zegoela, ateratzen zen dantzan, eta beti esaten dut ni ere hor nengoela, nolabait. Entzuten nuela zerbait. 6 urterekin hasi nintzen Alegria de Alza konpartsan dantzan ateratzen, eta geroztik, ez naiz bertatik mugitu. Ezin dut azaldu, benetan, sentitzen dudana. Ez da izena ematea eta listo; txikitatik sentitu dut beste gauza bat dela.
Dantza irakaslea zara Alegria de Alza konpartsan. Nolatan hartu zenuen rol hori?
Irakasle izatea ez da konparatzen, inolaz ere, konpartsakide izatearekin. 18 urterekin hasi nintzen irakasle bertan. Gure irakasleak zirenek esan ziguten beraiekin dantzatzeko, ea zein dantza pauso ateratzen zitzaizkigun, eta beraien atzean jarri ginen, musikak eskatzen zizkigun pausoak markatzen. Harrituta geratu ziren gurekin. Konpartsa handitu egin zen momentu batean, [egun, 146 kide inguru dira] eta galdetu ziguten ea gai ginen koreografiak guk bakarrik eramateko. Lehenengo urtean, ume batzuk izanda, liskar handiak izan genituen, baina oso oroitzapen polita daukat lehen urte horretatik. Batzuk joan egin dira, baina beste batzuk ez gara hemendik mugitu.
Zer da, irakasle gisa, konpartsako dantzariei transmititu nahi diezuna?
Lehenik eta behin, ondo pasatzea. Eta dantza izatea beraientzat ihesbide bat. Niretzat terapeutikoa da, eta konpartsakideentzat ere hala izatea gustatuko litzaidake.
Nolakoa da inauterietarako konpartsa baten prestaketa prozesua?
Gutxi gorabehera, hamabost pertsonek osatzen dugu lantaldea, eta inauteri bat amaitu eta bi hilabetera, hurrengoan pentsatzen ari gara. Ez da inoiz bukatzen. Uda pasata hasten gara prestaketekin; aurreko urtearen balorazioa egin eta hurrengora begira jartzen gara. Gaia lehenbailehen bidali behar da, beste inork ez hartzeko… Gero, abestiak eta koreografiak. Jantziak, karroza… eta izen ematea irekitzea.
Rolak egongo dira konpartsa barruan.
Noski, karroza taldea dago, paperak egiten dituena, jantziak egiten dituen jostuna eta dantza taldea, hiru garela. Denok elkartzen gara bilera batean, eta denoi gustatzen zaigun gai horretan hasten gara lanean. Erraz jartzen gara ados, egia esan… baina originala izatea oso zaila da, gaur egun. Dena eginda dago!
Eta gaiak ezin dira errepikatu, noski.
Gai zerrenda luzetxo bat izan behar duzu, ezin direlako errepikatu, ez. Lehentasunaren arabera doa, eta gai bera pentsatu badugu bi konpartsek, lehendabizi aurkezten duen horrek eramaten du. Konpartsa batzuek hamarnaka gai dauzkate prest, hurrengo urtekoa ere pentsatuta daukate. Guk ez dugu horrela egiten; gu pausoz pauso goaz, inauteri bakoitza disfrutatzeko.
Zer aukeratu duzue aurtengo inauterirako?
Printzesak eta arloteak, fusionatutako ipuin batean. Mila aldiz atera dira printzesak, eta beste mila aldiz, arloteak. Guk elkartu egin ditugu, eta jantzi berean daramatzagu biak. Zaila da gai on bat aukeratzea, jendeak ulertzeko moduko jantziak egin behar dituzulako.
Jantziak, eskuz.
Konpartsa bakoitzak bere jostuna du. Gurea irailean hasten da jantziak egiten, normalean, ez duelako konpartsa bakar baten jantzia egin behar, soilik. Gure jostunak hiru edo lau konpartsetako jantziak egiten ditu. Badaude jostun propioa duten konpartsak, baita ere, baina gutxi dira.
Zer da jendeak ikusten ez duen hori?
Inork ez du ulertzen atzean dagoena, ezta konpartsakideek ere. Sei hilabete inguruko lan batekin ateratzen zara dantzara, baina jendeak ikusten duena da desfilearen egunekoa. Dena amaituta. Ez dakitena da, agian, aurreko egunean egon garela guztiari azken ukituak ematen, urduritasunak jota.
Jendeak dantzan ikusiko gaitu, irribarretsu. Baina barrutik, dena ondo ateratzeko nahiarengatik, oso urduri gaude. Asko disfrutatzen dut, hala ere.
Zer sentitzen duzu hilabeteetako lana kalean ikusten duzunean?
Negar egiteko gogoa sartzen zait pentsatzearekin soilik! Karroza iristen da, ilaretan jarri eta Josebak, Oierrek eta hirurok —dantzen lantaldeak— elkarri begiratzen diogu, eta negarrez hasten gara. «Hemen gaude, lortu dugu. Listo, goazen disfrutatzera». Bi ordu dira eta oso azkar pasatzen zaizkit!
Konpartsakide batek ez du horrela bizitzen, noski. Eskatutako orduan hor egon behar du, trasteak utzi, dantza egin, gozokiak hartu eta etxera joan. Horrela bizi izan ditugu inauteriak denok, bestaldean. Eta hori ere polita da.
Lotura sendoak sortzen dira konpartsako kideen artean.
Bai, eta nire taldean denok bizi dugu horrela, ez da nire kontua soilik. Urduritasunaren eta zoriontasunaren arteko nahasketa bat da. Harro begiratzen ditugu gure konpartsakideak, harro gaudelako egin duten lanaz.
Momo jainkosa izatea bada amets bat?
Beste batzuk daude nire aurretik [barrez]! Baina segizioaren parte izatea, bai, noski. Esperientzia bat da, eta berezia litzateke, baina aldi berean pentsatzen dut hor egongo banintz, ezingo nukeela dantzarik egin. Eta nik ezin dut dantzarik egin gabe egon… Zeinen aukeraketa zaila!



