Lezamara, derbia irabaztera
Partida garrantzitsuak dituzte asteburuan futboleko, saskibaloiko, eskubaloiko eta izotz hockeyko talde donostiarrek.
Claire Lavogezek sartu zuen iaz Anoetan jokaturiko euskal derbiko garaipenaren gola.Reala Derbi asteburua daukate aurretik Realeko neskek, Lezaman jokatuko baitute igande eguerdian, Athleticen aurka. Bilbotarrak baino egoera hobean daude donostiarrak, besteak beste, ligako hirugarren postuan baitaude —Athletic bederatzigarrenean—, azkenaldian emaitza onak lortuta eta Real Madril bigarren sailkatuari presioa sartu nahian. Derbiak beti dira derbi, ordea, eta zuri-gorriek zaleen babesa izango dute igandean.
Futbolarekin jarraituz, Realeko mutilek partida zaila dute larunbatean, Bernabeura baitoaz, Real Madrilekin indarrak neurtzera. Bolada onean murgilduta dago Matarazzoren taldea, azkenaldian partidarik galdu gabe eta kopako finala eskura edukita, baina talde madrildarra ez da nolanahiko aurkaria. Dena ematera aterako dira txuri-urdinak, garaipen batek are indar gehiago emango dienaren jakitun.
Saskibaloian, Ibaeta Basket porrot bolada batean murgilduta dago, eta horri buelta ematen saiatuko da Araskiren kantxan. Garaipenaren bidea hartzeko neurketa aproposa da, ligako azken postuetan hondoratuta dagoen taldea baita Araski.
Gipuzkoa Basketi dagokionez, bestalde, Kantabriaren etxean jokatuko du igandean. Azken partidak galtzetik datoz kantabriarrak eta irabaztetik donostiarrak, eta boladak hala jarraitzea nahi du Gipuzkoa Basketek, garaipena Donostiara ekarrita. Ligako hamahirugarren sailkatua da Kantabria eta laugarrena Gipuzkoa Basket.
Eskubaloian, Lanzarote hartuko du etxean Bera Berak, larunbatean. Ez luke partida zaila izan beharko donostiarrentzat, ligako azken sailkatuak baitira kanariarrak eta hirugarrenak etxekoak.
Azkenik, izotz hockeyan, Bartzelonaren etxean jokatuko dute Txuri Urdineko mutilek larunbatean. Neurketa garrantzitsua da, liga irabazteko kanporaketen aurreko azkena delako eta aurkari zuzenak direlako donostiarrak eta katalanak: bosgarren postuan dago Bartzelona eta laugarrenean Txuri Urdin.
Txuri Urdineko neskek, bestalde, bi norgehiagoka jokatuko dituzte asteburuan, biak etxetik kanpo. Gaur, seigarren jardunalditik jokatu gabe zuten Huarteren aurkakoa jokatuko dute eta, bihar, Jacaren etxean arituko dira, asteburu honi dagokion jardunaldian. Sailkapeneko hirugarren postuan daude donostiarrak, eta emaitza onak lortu nahi dituzte, liga irabazteko kanporaketa jokatzeko.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Athletic — Reala (igandea, hilak 15, 12:00)
Gizonezkoen liga, 24. jardunaldia
- Real Madril — Reala (larunbata, hilak 14, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Araski — Ibaeta Basket (igandea, hilak 15, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 21. jardunaldia
- Kantabria — Gipuzkoa Basket (igandea, hilak 15, 12:30)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 19. jardunaldia
- Bera Bera — Lanzarote (larunbata, hilak 14, 18:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Bartzelona — Txuri Urdin (larunbata, hilak 14, 21:30)
Emakumezkoen liga, 6 jardunaldia eta 14. jardunaldia
- Huarte — Txuri Urdin (ostirala, 13, 21:30, 6. jardunaldiko partida)
- Jaca — Txuri Urdin (larunbata, 14, 21:30, 14. jardunaldiko partida)
