983 sinadura, Parte Zaharrak behar dituen ekipamenduen alde
Jon Insausti alkateari bilera eskatu diote, "gai honen inguruko erabaki politikoak hartzeko unea delako".
Pasa den abenduan, elkarretaratzea egin zuten Bulebarrean, auzo ekipamendu beharra aldarrikatzeko.Parte Zaharrean Bizi Gaur goizean, Donostiako Udaletxean aurkeztu dituzte Parte Zaharrak behar dituen auzo ekipamenduen alde urria eta abendua bitartean bildutako 983 sinadurak. Duela sei hilabete abiaturiko auzo dinamikaren baitan kokatzen da. Zehazki, 2025eko ekainean aurkeztu zuten, Plaza Berrian.
Parte Zaharreko eta Erdialdeko 532 auzotarren sinadurak jaso dituzte. Era berean, Donostiako beste 325 herritarren babesa izan dute, eta beste herri batzuetako 106 pertsonek ere sinatu dute eskaera. “Horrela, auzo ekipamenduen beharra orokorra dela adierazteaz gain, auzoko elkarte ezberdinek mahi gaineraturiko aldarrikapenak babes zabala duela erakutsi nahi izan dugu”, azaldu dute.
Orain, Jon Insausti alkateari bilera eskaera luzatu diote. “Azken hilabeteetan hainbat udal teknikarirekin bildu gara, erabilgarri dauden eraikin eta espazioen aukerak aztertu ditugu, orain ordea, erabaki politikoak hartzeko unea dela uste dugu”, nabarmendu dute.
Egitasmoarekin bat egin duten elkarte eta eragileen zerrenda: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Kale Lagunak Hockey Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Jarana Herri Kirol Taldea.
