Absolbitu egin dute Bulebarreko aparkalekuan emakume bati sexu erasoa egin izanagatik akusatutako gizona
Gipuzkoako Justizia Auzitegia. Gipuzkoako Justizia Auzitegiak absolbitu egin du Donostian emakume bat bortxatu izanagatik akusatutako gizon bat, argudiatuta emakumearen deklarazioa ez dela nahikoa izan errugabetasun presuntzioaren printzipioa indargabetzeko. Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen zuen gizonarentzat, 2021eko urriaren 12an Bulebarreko aparkalekuan emakumea bortxatzea leporatuta.
Emakumearen deklarazioaren arabera —azaroaren amaieran egin zuten epaiketa—, Donostiako kasinoan ezagutu zuen auzipetua, non makina batean jolasten lagundu zuen, gizonak ez zuelako gaztelaniaz ulertzen eta ematen zuelako. Kanpoan, taxi geltokira joan zen emakumea, eta gizona lurpeko aparkalekuaren sarreran ikusi zuen, berari keinuka. Aparkalekuko ordainketa egiteko zailtasunak zituela pentsatuz, laguntzera gerturatu zen emakumea, betiere bere deklarazioaren arabera, eta gizonak aparkalekuko komunetan bortxatu zuen. Gizona handik bi hilabete ingurura atxilotu zuten, emakumeak kasino berean ikusi eta identifikatu zuenean.
Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, epaiak orain adierazten du, kaltetuaren deklarazioa ez dagoela “inolako zalantzarik gabe akusatuak sexu erasoa egin ziola baieztatzea ahalbidetzen duten beste froga elementu objektibo batzuek berretsita”. Besteak beste, epaiak nabarmentzen du ezin izan dituztela aparkalekuko bideokameretako irudiak ikusi, salaketa gertakariak jazo eta hilabete eta erdi ingurura jarri zuelako emakumeak. Era berean, gizonak ukatu egin zuen emakumearekin komunera sartu izana, eta bertsio hori berretsi zuen bere gidariak.
