Donostia Prog-Tech Metal Fest martxoaren 7an bueltatuko da Larratxora
Andorrako Persefone taldea. Martxoaren 7an egingo dute bigarrenez Donostia Prog-Tech Metal Fest jaialdia Larratxo Kultur Etxean. Hiru talde ariko dira zuzenean, eta gainera, beste hainbeste eskola magistral aurrera eramango dituzte.
Kontzertuei dagokienean, Andorratik etorriko den Persefone taldeak muturreko metal teknikoa progresiboarekin nahasten du. Horrez gain, bi talde gipuzkoar ere ariko dira, metal progresibo instrumentala lantzen duen Mise En Abyme eta trash metalaren bidetik doan Hilotz.
Kontzertuez harago, esan moduan, eskola magistralak ere aurrera eramango dituzte. Haietan parte hartuko dute hiru musikarik: Mikel Gomez (Lampr3a, Soziedad Alkoholika) bateria jotzailea, Borja Mintegiaga (Lampr3a) eta Carlos Lozano (Persefone) gitarristak.
Sarrerak eskuratzeko eta ikastaroetan izena emateko 943-35 11 49 eta 943-39 64 94 telefonoetara deitu edo larratxokulturetxea@donostia.eus e-posta helbidera idatzita egin daiteke.
