Kontadores gorputz eta mami aldatuko dute
Ostiralean aurkeztu zuten udaleko eta aldundiko arduradunek aurreproiektua.Donostiako Udala Kontadores eraikinak bide berri bati ekingo dio. Aro bat osatuta, udalak eta aldundiak hura egokitzeko eta aktibatzeko aurreproiektua aurkeztu zuten ostiralean. Hala, Kolab Kontadores bilakatuko da, auzorako erreferentziazko laborategi eraikina eta espazioa. Aurreikusi dute behin betiko proiektua urte amaierarako izatea eta lanak datorren urtean hastea.
Asmoa da Kontadores ikaskuntzara, lankidetzara, proiektuak sortzera eta gazte ekimenei laguntzera bideratutako “gune ireki eta dinamiko” bihurtzea; gazteek benetako babesa izan, eta aktiboki parte har dezaten. Hala ere, proposamena gazteen eremutik harago doa, eta belaunaldi arteko eredu bat planteatzen du gazteen eta adinekoen arteko bizikidetza bultzatuko du, esperientzia trukea, auzo sareen sendotzea eta auzoaren aniztasunetik komunitatea eraikitzea sustatuz.
Gazteria zinegotzi Iñigo Garciaren hitzetan, “proiektu honen helburua ez da soilik eraikin bat prestatzea, baizik eta Bidebieta indartzea eta auzoaren eskaera historikoari erantzutea, entzunez eta hitz eginez”.
Maushaus arkitektura estudioak egindako aurreproiektuaren arabera, egun gaztelekua eta Gazteria Saila dauden beheko solairua gazteen topagune, parte hatzerako eta sormenerako gunea izango da, ikuspegi irekiagoarekin eta eraikinaren gainerakoari lotua. Gainera, egun erabilerarik ez duen hirugarren solairua berreskuratuko dute, kultura, prestakuntza eta komunitateari lotutako “askotariko erabilera berriak” hartzeko; ekipamendua handituz.
Lehen eta bigarren solairuetan, aldiz, ADSIS Fundazioa egongo da, eta elementu berritzaile gisa, hiri baratzeak osatutako landare estalki bat izango du. Estalkiak, higiezinaren ingurumen iraunkortasuna hobetzeaz gain, gune pedagogiko eta gizarteratzeko gune gisa funtzionatuko du, ikaskuntza praktikoa eta naturarekiko kontaktua erraztuz.
Azkenik, eraikinaren sarrera auzoari irekitako gunea izango da. Diseinuak argitasuna, espazioen malgutasuna eta askotariko erabileren bizikidetza lehenesten ditu.
