«Rojavako euskal delegazioaren helburu nagusia da han gertatzen ari denari oihartzuna ematea»
Euskal Herriko delegazio bat Rojavara iritsi berri da, Siriaren mendeko Kurdistanen "egoera larria bertatik bertara ezagutzeko" eta "oihartzuna emateko". Lander Arbelaitz Mitxelena 'Argia'-ko kazetaria (Donostia, 1985) da delegazioko lau kideetako bat, eta Donostiatik atera baino ordu batzuk lehenago hitz egin zuen IRUTXULOKO HITZArekin.
Lander Arbelaitz Mitxelena kazetari donostiarra da Rojavako euskal delegazioko kideetako bat.Beñat Parra Nondik atera zen Rojavara euskal delegazio bat bidaltzeko ideia?
Urtea, nazioarteko gaiei dagokienez, Venezuelara begira hasi genuen, baina, urtarrilaren 6an, sekulako saltsa hasi zen Sirian. Rojava Siriaren menpeko Kurdistan da, eta gobernua kurduen aurkako posizioak irabazten hasi zen egun gutxitan: Rojava gerra egoeran eta bi pusketatan banatuta gelditu zen bat-batean, alde batetik Kobane hiriburua eta bestetik beste guztia. Hango jendea hasi zen nazioarteko deia zabaltzen, han gertatzen ari zenari arreta jartzeko. Tartean, Rojavako kurduak Gazara joan zen ontzidian parte hartu zuten euskaldun batzuekin harremanetan jarri ziren, aurretik harremana zutelako. Kurduekin adostu zen Euskal Herriko delegazio sozial bat joatea hara, han gertatzen ari denari oihartzuna emateko asmoz.
Nolatan zoaz zu delegazioan?
Argia-rekin harremanetan jarri ziren, ea gutako norbait prest zegoen delegazioan parte hartzera, eta animatu nintzen. Kurdistanekin beti eduki izan dut nolabaiteko lotura emozionala, eta kuadrillako lagunekin Turkiaren menpeko Kurdistanera joan ginen duela urte batzuk; beti gustatu izan zait eta beti joan nahi izan dut hara.
Zer egingo duzu zuk handik?
Delegazioaren helburu nagusia denez han gertatzen ari denari oihartzuna ematea, printzipioz, nire asmoa da egunero zerbait argitaratzea Argia-n, eta, bueltan, erreportaje sakonago bat idaztea. Hala ere, egunez egun joan beharko gara erabakiak hartzen, ez baitakigu Interneteko konexio ona edukiko dugun, zer egingo dugun egunez egun zehatz-mehatz… Hango mugimenduaren eskutik egingo dugu egunerokoa.
Nortzuk dira delegazioko beste kideak?
Mikel Zuloaga Mikelon da bat, ezaguna bizitza osoan zehar desobedientzia zibileko ekintzak egiteagatik eta borrokalaria izateagatik: Greziatik Euskal Herrira migratzaileak ekartzen harrapatu zuten, Palestinara joan zen Global Sumud Flotillan egon zen eta abar. Beste bat Garbiñe Elizegi da, erizaina eta mugimendu feministako kidea; Aroztegiaren auzian borrokan aritu da urte luzez, besteak beste. Eta bestea, Jose Javier Oses Jotas, burujabetzaren aldeko mugimenduan, Palestinaren aldekoan eta beste hainbatetan dabil. Astebete pasatuko dugu han.

Euskal delegazioa Qamishli hirian, Rojavara heldu berritan. Ezker-eskuin: Lander Arbelaitz Mitxelena, Jose Javier Oses Carrasco ‘Jotas’, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Mikel Zuluaga Uriarte, ‘Mikelon’.Irutxuloko Hitza
Kobanera joango zarete?
Hori da asmoa, bai, baina ea zeintzuk diren aukerak, Kobaneko egoera oso txarra baita. Rojava zatitu dutenez, Kobane inguratuta gelditu da: Turkiaren aldeko mugako hesia alde batetik eta jihadistak bestetik. Erasoaldietan, gainera, jende asko heldu zen Kobanera ihesean, eta hiriak ez dauka gaitasunik ostatu emateko: meskitetan lo egiten ari dira, autoetan… Sekulako hotza egiten du orain han, eta bi astez elektrizitaterik gabe egon dira.
Urtarrilaren 31n, su etena sinatu zuten kurduek Siriako Gobernuarekin, eta akordioetako bat da urteotan Rojavan landu duten autonomia horrekin amaitzea eta guztiz integratzea Siriako Estatuan. Hala ere, bi aldeek diote ez direla beste aldearekin fidatzen, beraz, egoera oso ezegonkorra da, eta baliteke Kobaneren inguruan gero eta arma gehiago biltzea. Niri gustatuko litzaidake Kobanera iristea, baina hango jendeak esan beharko digu aukerarik dagoen horretarako, izan ere, badakigu nora goazen, Siriako Estatura, eta han ezin dugula tontakeriarik egin. Gure asmoa da hango eragile sozial eta politikoekin biltzea, ahalik eta hoberen ezagutzea, jakitea zer transmititu nahi duten mundura eta, ahal den heinean, horretan laguntzea.
Zer eragilerekin ari zarete hitz egiten?
Delegazioa antolatzeko, gurekin harremanetan egon dena izan da Rojavan internazionalismoa lantzen duen jendea, mugimendu kurduaren parte dena. Beraiek lagunduko digute handik mugitzen, eta bertako jendearen etxeetan egingo dugu lo. Hori da, hain zuzen ere, gehien erakartzen nauena: faktore humanoa, egunerokoa ikustea. Horrez gain, hango eragile sozialekin bilduko gara, noski, eta nik baditut buruan ikus nahi ditudan leku batzuk, ezagutu nahi ditudan eragile batzuk. Hedabide bat ere badago eta hori ezagutzea ere gustatuko litzaidake.
Ahalik eta gehien mugitzea da helburua, ahalik eta jende gehienarekin hitz egitea eta ahalik eta hoberen ezagutzea egoera, gero ahalik eta hoberen eman ahal izateko horren berri.
«Hamar urtez, oso demokrazia erradikala garatu dute, esperientzia politiko oso indartsua da, non eta Ekialde Hurbilean. Eta, gaur egun, erortzear dago»
Nola azalduko Rojavako proiektu politikoa?
2011n, Udaberri Arabiarren testuinguruan, ildo horretako protestak hasi ziren Sirian, eta beti gertatzen den moduan, kanpoko estatu batzuk sartu ziren alde bat edo bestea finantzatzen; gerra zibil bihurtu zen gatazka, Estatu Islamikoa tartean. Siriaren menpeko kurduek, aldiz, erabaki zuten ez alde baten eta ez bestearen alde ez kokatzea, baizik euren autonomia praktikan jartzeko momentua iritsi zela.
Testuinguru horretan, Estatu Islamikoak Kobane hiriaren kontrola zuen, baina kurduek lortu zuten Estatu Islamikoa hiritik botatzea eta hiria askatzea, emakumezkoen unitate feministen protagonismo handiarekin. Horren ondoren, gero eta lurralde gehiago kontrolpean hartzen joan ziren kurduak, eta 2015etik gutxi gorabehera, modu independenteak funtzionatu dute de facto.
Abdullah Ocalan da beraien lider erreferenteena, ia 30 urte kartzelan daramatzana eta Konfederalismo Demokratikoa izeneko proposamena bat egin zuena. Oso kutsu libertarioa duen proposamena da, eta Rojavan hori praktikan jartzen hasi ziren. Eremu horretan ez dira soilik kurduak bizi, bestelako komunitate batzuk ere bizi dira bertan, eta lortu zuten multikulturalismo bat aldarrikatzea. Feminismoa ardatz erradikal bat da eredu horretan, eta, besteak beste, gizartean dauden botere gune guztietan, asanblada batetik zuzendaritza batera, derrigorrezkoa da emakumezkoak egotea. Hamar urtez, oso demokrazia erradikala garatu dute, esperientzia politiko oso indartsua da, non eta Ekialde Hurbilean. Eta, gaur egun, erortzear dago.
