Ancorak dio luxuzko etxebizitzek Pakeako ondarea arriskuan jarri dezaketela
Camino kaleko 1. zenbakiko eraikina erosi du Impar Capital inbertsio funtsak.Impar Capital Maria Kristina hotelaren parean dagoen Pakea eraikinaren etorkizunak eztabaida piztu du hirigintzaren eta ondarearen arloan. Impar Capital inbertsio funtsak eraikina erosi du, eta bertan luxuzko 34 etxebizitza egiteko asmoa iragarri du.
Hala ere, Ancorak ohartarazi du proiektuak “eraikinaren hustuketa integrala” ekarriko lukeela, eta horrek “barrualde historiko eta artistikoen galera” eragingo lukeela. Izan ere, eraikinaren baliorik handiena, barrualdeetan dago: atariak jatorrizko zoladurak, horma-hobiak, marmolezko pilastrak eta zutabeak mantentzen ditu, baita bi eskailera-kaxa independente ere.
Babesik gabeko barrualdeak
Barrualdeak ia osorik kontserbatuta egon arren, Ancorak adierazi du ez dutela babes urbanistikorik: 2021ean PEPPUC planaren berrikuspen fasean espazio horiek katalogatzeko eskaera egin zen, baina ez zen onartu.
Salatu dute “fatxadismoaren beste adibide baten aurrean” egon daitekeela hiria, eta proiektuak sustatzaileak aipatzen dituen jasangarritasun printzipioekin kontraesan dezakeela. Adierazi dute, halaber, eraikinaren eraldaketa etxebizitzetara bateragarria izan daitekeela, barrualde baliotsuenen kontserbazioarekin.
Horren aurrean, Ancorak administrazioei eskatu die esku-hartzea berrikusteko eta Pakea eraikinaren barrualdeak “babes maila egoki batean sartzea aztertzeko”. Haien ustez, horrela soilik bermatuko litzateke Donostiako XX. mendearen erdialdeko arkitekturaren multzo berezi baten kontserbazioa.
