Dantza eta negar artean erre dute sardina, amaitu dira inauteriak
Momo jainkosaren segizioko bi kide dantzan, sardina erre ostean.Beñat Parra Asteburu mugitu baten ostean, amaierara heltzen hasiak dira Donostiako inauteriak. Hain zuzen ere, astearte iluntzean egin dute sardinaren ehorzketa tradizionala. Erdialdeko kaleetatik egin dute desfilea, ohiko legez, negar eta dantza artean, tristura eta alaitasuna uztartuz, jai giro ederrean.
Denak egon dira: deabruak, aingeruak, New Orleanseko dantzariak, euskal inauteriko pertsonaiak, sorginak, danborrariak, mojak eta, noski, Momo jainkosa eta bere segizioa; aurten, 125 urte bete dituen Lanpernen konpartsa tradizionaleko Sara Zamoranok gorpuztu du Momo, eta desfilean egon dira, baita ere, hainbat lanperna eta beste zenbait itsas izaki.
Bilbo plazatik abiatuta, Pasai eta Joselontxos txarangen erritmora joan dira Alderdi Ederreraino, New Orleansko doinuak dantzatuz eta hileta martxak parranda doinuekin uztartuz, Raimundo Sarriegiren Semiseria Martxa-ren erritmora. Alderdi Ederrera helduta, ohiko legez, deabruak sardinaren ehorzketa ekiditen saiatu dira, baina aingeruek babestu dute figura eta Momok eman dio su, inauteriekin amaitzeko. Oraindik bada zer ospatu, hala ere, asteburu honetan, besteak beste, dibertimendua ospatuko baitute Añorgan eta Eltze Festa Altzan; hemen daukazue egitarau osoa.
Inauterien izpirituari eutsiz, denek elkarrekin balsa dantzatzen bukatu dute, jai giroan, gutxiago gelditzen baita dagoeneko 2027ko inauterietarako. Bukatu dira inauteriak, gora inauteriak!


