«Lanez gainezka» daudela salatu dute Dbuseko langileek
Dbuseko langileen protesta, gaur, udaletxearen aurrean.LAB Dbus Donostiako autobus konpainiako langileek elkarretaratzea egin dute astearte eguerdian Donostian, udaletxearen aurrean, lan baldintza duinen alde, LAB sindikatuak deituta. Joan den astean egin zuten moduan, langileek salatu zuten konpainiak bidaiari kopuruan errekor historikoa lortu duen bitartean, plantilla “aspalditik lanez gainezka” dagoela eta baliabideak berdinak izaten jarraitzen dutela.
Hain zuzen ere, 33.735.382 bidaia erregistratu zituen Dbusek 2025ean, 2024an baino 1,7 milioi gehiago eta 2023an baino lau milioi gehiago. Aldiz, langileek salatu dutenez, enpresak ez ditu langileen baliabideak handitu urteotan. Horrela, autobus lineen ordutegiak bete ahal izateko “denbora errealak” eta “osasun laboralaren bermea” exijitzen ari dira, nagusiki.


