Popotxo, Txiki eta Jesus Aiestaran anaien obra grafikoa bildu dute

Orquesta Mondragon taldearen irudi bat, 1978an, Bilbon. Erdian, Pedro Aiestaran ‘Popotxo’.Donostia Kultura
Oharra: artistak ez du bisitarik nahi erakusketa inauguratu dute gaur, hilak 17, Groseko Okendo Kultur Etxeko eraikin zaharrean, Aiestaran anaien obrari buruzkoa. “Erakusketa hau hiru anaia eta etxe bati buruzkoa da”, azaldu du Donostia Kulturak. Maiatzaren 8ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera (10:00-14:00/16:00-20:30).
Iñaki (Txiki), Pedro (Popotxo) eta Jesus Aiestaran Amunarriz dira hiru anaia horiek, “bizitza eman zutenak marrazten, margotzen eta musika egiten. Eta kaxak eta edonolako arte-faktoak sortzen”, nabarmendu dute antolatzaileek. “Apenas egin zuten erakusketarik. Apenas argitaratu zuten. Ez ziren artista profesionalak. Etxean sortzen zuten. Beren kolkorako. Artista gisa, ez zuten bisitarik nahi. Bai, ordea, adiskide gisa. Hiru anaiok elkarrekin bizi izan ziren, familia etxean, Grosen lehenbizi (San Francisco kalean) eta Rodilen, gero. Zabalik zuten etxea eta han, beste etxe askotan bezala, lagunartean pasatzen zuten eguna, ametsetan, eztabaidan, eta asmo zoroak ontzen, musikan, batez ere”, gaineratu dute. Hain zuzen ere, horrela jaio ziren Los Agaros eta La Orquesta Mondragon musika taldeak.
Erakusketak Aiestaran anaien obra grafikoa bildu du eta “keinu bat egiten die hainbeste kultur asmo sortu ziren etxe irekiei, eta artea plazer hutsez egiten dutenei, barruko behar bati erantzunez”, nabarmendu dutenez. Cheli Lanzagortak eta Joxean Muñozek egin dituzte komisario lanak, Gorostidi-Sistiaga enpresako arkitektoek erakusketaren diseinua, Lanzagorta estudioak diseinu grafikoa, Ricardo Aldarondok jardueren koordinazioa, Angel Andarondok ikus-entzunezko materialen edizioa eta Diego Etxeberriak bideoa.
Aiestaran anaiak
Txiki Aiestaranek (Donostia, 1943-2000) bateria jotzen zuen Los Agaros taldean. Pop donostiarraren aitzindarietako bat izan zen talde hori, baita Espainiako Estatuan LP diskoa estereoan grabatu zuen lehen pop musika taldea izan ere. “Baina, bere pasioa marraztea eta margotzea izan zen”, nabarmendu dute antolatzaileek. “Mariasun Landaren lehen liburua ilustratu zuen (Amets uhinak, Elkar, 1981), marrazkiak argitaratu zituen Zehatz aldizkari politikoan, 1970eko hamarkadan, eta Oh! Euzkadi literatura aldizkarian, 1980ko hamarkadan”.
Popotxo izan zen, segur aski, hiru anaien artean ezagunena (Donostia, 1951-2020), La Orquesta Mondragon musika taldearekin gorpuzten zituen pertsonaiengatik. EITBn eta TVEn ere lan egin zuen, baita hainbat filmetan ere, La Orquesta Mondragoneko kide Javier Gurrutxaga ezagunarekin batera; Beldurrezko Asteko karteleko protagonistak ere izan ziren, 2013an. “Ez zion inoiz marrazteari utzi, bere alderdi hori ezezagunagoa bada ere. Marrazki zenbait argitaratu zituen, Zehatz aldizkarian eta Oh! Euzkadi-ren bi aletan”, azaldu dute erakusketako antolatzaileek.
Azkenik, Jesus Aiestaran (Donostia, 1953-2021) “buru-belarri jardun zen marrazkiak eta margolanak egiten, irudiak eta soinuak fabrikatzen, baina inoiz ez lanbide gisa”, antolatzaileen esanetan. Hiru aldiz erakutsi zituen bere lanak jendaurrean: lehena, 1996an, Pirelo’s tabernan; handik urte batzuetara, Biba la monarkia erakusketa aurkeztu zuen Beti Boga tabernan, Diego Letamendiarekin batera; eta 2008an, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, Oharra: artistak ez du bisitarik nahi izeneko erakusketa jarri zuen, Okendokoari izena ematen diona.
Jarduera osagarriak
Erakusketaz beraz gain, bi jarduera osagarri antolatu dituzte, maiatzaren 8ra bitarte, kultur etxean bertan. Lehena apirilaren 29an izango da (19:00): ¡Tengo una guitarra eléctrica! Los Ágaros: inicios del pop en la Donostia de los años 60 hitzaldi-kontzertua, gaztelaniaz. Antonio Pro, Los Agaros taldeko abeslaria eta gitarrista; Alejandro Pro, Los Agaros taldeko gitarrista eta abeslaria eta Carlos Subijana, Los Selene, Los Amis eta Brakaman taldeetako baxu jotzailea egongo dira mahai inguruan, Ricardo Aldarondok moderatuta.
Bigarrena, bestalde, maiatzaren 6an izango da (19:00), eta La Orquesta Mondragon izango dute hizpide Pasen y vean. El desafío de la Orquesta Mondragón en la Donostia de los años 70 hitzaldiarekin, hori ere gaztelaniaz. Javier Gurrutxagak abeslariak, Cheli Lanzagorta gitarristak eta Gregorio Galvez Herri Irratiko Club 44 saioko gidari ohiak hartuko dute parte, Ricardo Aldarondok moderatuta. Hurrengo egunean, maiatzaren 7an, La Orquesta Mondragonen 50. urteurreneko kontzertua emango dute Viktoria Eugenia antzokian.






