Zardoyan esku hartu dezala eskatu dio Ekialdeko Barrutiak udalari, bertan bizi diren pertsonen egoera hobetzeko
Herrerako Zardoya eremua gero eta degradatuagoa dago.Inaxio Esnaola Urtarrilean, 31 pertsona bota zituen Ertzaintzak Herrerako Zardoya eremuko pabiloietako batetik, baina kale egoeran dauden hamarnaka lagun bizi dira han oraindik, eta euren egoeraren inguruko akordio proposamena onartu zuen Ekialdeko Barrutiko Batzarrak joan den astean, aho batez, Hirigintzako lantaldeak proposatuta. Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoetako elkarteak biltzen dituen udal erakundea da Ekialdeko Barrutia, eta Donostiako alkate Jon Insausti egon zen aipaturiko batzarrean.
Akordio proposamenean diotenez, “140-200 pertsona artean” bizi dira iragan industrialeko eremu degradatu horretan, “duinak ez diren baldintza makurretan, besteren artean, ez baitaukate ez urik, ezta argindarrik ere. Horrez gain, zaborrak eraikinen atarietan bertan batzen dituzte”. Batzarrak salatu duenez, “lantegiaren jabeek ez dute ezer egin egoera zuzentzeko, eta udal zerbitzuek ez dituztenez zabor poltsa horiek biltzen, tokia aire zabaleko zabortegi bihurtuta dago: zabor poltsak nonahi ikus daitezke, arratoientzako bazka direlarik”. “Azkenaldian, pertsona horiek beraiek garbiketaren bat egin duten arren, argi dago ez dagoela osasungarritasun baldintza egokirik, eta inguruetako etxarteetako bizilagunei, eta, oro har, osasun publikoari kalterako eragiten ari zaiela”, gaineratu dute.
Era berean, urte luzez geldirik egon, eta eremua degradatzen utzi ostean, udalak berriki eman du eremuko eraikinak eraitsi ahal izateko agindua, bertan 400 etxebizitza inguruko hirigintza proiektu bat baitago aurreikusita, eragile eta bizilagun ugariren kritikak jaso dituena. Agindu horren harira, batzarrak nabarmendu du aurreikusi egin behar dela “kanporatuko dituzten pertsona horiek guztiak kale egoeran geratuko direla, noraezean eta babesgabe”: “Uste izatekoa da aterpe bila hasiko direla, Altzan bertan edo inguruetan. Berriki, Martuteneko Agustindarren eraikina hustu zuten, eta bertan bizi ziren hamarnaka pertsona ere antzeko egoeran geratu ziren (horietako hainbat Zardoya eraikinera etorri ziren). Beste hainbatek, ordea, udalaren abegi zerbitzuen arreta jaso dute”.
Esku hartzea eta irtenbidea
Horrela hiru eskaera zehatz egin dizkio Ekialdeko Barrutiko Batzarrak udal gobernuari: eremuan bizi diren pertsonen bizi baldintzak eta osasungarritasuna hobetzeko, kostuak kobratzeko pabiloien jabe den Barenys S.L. enpresari eta kale egoeran dauden pertsonei irtenbide bat emateko.
Lehenengoei buruz, “beharrezkotzat” jo dute “udalak ofizioz jardutea eta udaleko zerbitzuak bertara bidaltzea, oinarrizko jarduketa batzuk egiteko, besteren artean: zaborra bildu eta zabor edukiontziak eta komun mugigarriak jarri. Jakina, garbiketa lanen kostua eraikinen jabe Barenys S.L. enpresak hartu beharko luke bere gain”, nabarmendu dute.
Era berean, bertan bizi diren pertsonen egoerari dagokionez, “aurreikuspen handienarekin eta ikuspegi sozial zein pertsonalizatuenarekin” jokatu behar dela aldarrikatu dute, “baita tokiko eta hirugarren sektoreko elkarteekin elkarlana sustatzea ere”. Horrela, pertsona horiekin guztiekin harremanetan jartzeko eskatu diote udal gobernuari, “bakoitzarentzat egokiena den ibilbidea diseinatzeko eta baliabideak eskaintzeko, hirugarren sektoreko elkarteekin koordinatuta, beren zaurgarritasun egoera arintzen laguntzeko”.


