Hainbat elkartek udalaren aurrekontu parte hartzaileak kritikatu dituzte
HAPOaren parte hartze prozesua mendebaldean, Antigua Luberri institutuko jangelan. Olatz Balda Donostiako hainbat elkartek partaidetzazko udal aurrekontuen eta hiriaren egungo parte hartze ereduaren funtzionamenduaren inguruko kezka adierazi dute.
Partaidetzazko aurrekontuen bidez, udalak aurrekontuaren zati bat herritarrek proposatutako proiektuetara bideratzen du. Proposamenak bi urtean behin aurkeztu daitezke, baldintza zehatz batzuk betez; besteak beste, udal eskumenekoak izatea, interes orokorrekoak izatea, bideragarritasun azterketa gainditzea eta gehienez 400.000 euroko inbertsioa izatea.
Elkarteek azaldu dute urteetan prozesuan parte hartu dutela, bai proiektuak proposatuz bai proposamenak babestuz, eta mekanismoari esker herritarrentzat onuragarriak izan diren ekimenak martxan jarri direla. Hala ere, parte hartu ondoren, egungo ereduak “gabezia eta ondorio gaizto handiak” dituela uste dute.
Udalaren ardura zuzena
Azpimarratu dute onartutako aurrekontu sailen zati handi bat hiri mantentze lanetara bideratzen dela, hala nola bidegorrien mantentzera, espaloiak konpontzera edo argiteria publikoa egokitzera. Elkarteen ustez, zerbitzu horiek “udalaren ardura zuzena dira” eta aurrekontu arrunten bidez landu beharko lirateke.
Halaber, proiektuak onartu edo baztertzeko prozesua “arbitrarioa” dela salatu dute. Adierazi dutenez, ia 1.000 proposamenetatik 123 bakarrik iritsi dira bozketa fasera, eta herritarrek ez dute alegazioak aurkezteko aukerarik. Gainera, hainbat proposamen baztertu direla diote.
Kezkak eta gabeziak
Kezken artean, elkarteek nabarmendu dute bidegorri sarearen garapena eta auzoetako oinarrizko behar asko ia soilik aurrekontu parte-hartzaileen bidez gauzatzen ari direla. Haien ustez, aurrekontu arrunten bidez tratatu beharko lirateke.
Beste kezka nagusietako bat eztabaidarako espazio errealik ez aurreikustea da; proposamenak zuzenean bozkatzen direla diote, epe laburretan eta hedapen mugatuarekin.
Baliabideen banaketari dagokionez, sistemak boto kopuruan oinarritzen dela kritikatu dute, eta horrek biztanleria handiagoa duten auzoak sistematikoki mesedetzen dituela adierazi dute (adibidez, Amara Berri).
Halaber, prozesuak elkarteak “baliabide mugatuen alde” lehiatzera bultzatzen dituela eta onartutako proiektu askok “atzerapen handiak” dituztela salatu dute.
Bi eskaera
Horren guztiaren aurrean, sinatzaileek bi eskaera nagusi egin dituzte: batetik, aurrekontu parte hartzaileak ez erabiltzea udalaren berezko ardurak delegatzeko eta, bestetik, herritarren parte hartze eredua birpentsatzea..
Idatziari hainbat elkartek egin diote bat, besteak beste Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak, Egia Bizirik Auzo Elkarteak, Parte Zaharrean Bizik, Altza XXI Herri Ekimenak, Plazandreok Emakumeen Elkarteak eta Lantxabe Aieteko Auzo Elkarteak, beste hainbat talderekin batera. Hala ere, testua atxikimendurako irekita dago, hausnarketekin bat egiten duten elkarteentzat.


