La Cumbre eraikinari atxikipena kentzeko izapideak hasi dituzte
Aieteko La Cumbre jauregia. 2022az geroztik ari dira La Cumbre eraikina udalaren eskuetara pasatu dadin eskatzen. Gaur, zenbait exijentzia eta poliki egindako zenbait urratsen ondoren, Donostiako Udalak aurrerapauso berria eman du eraikinaren etorkizuna erabakitzeko bidean: behin betiko atxikipena kentzeko izapideak hasi ditu, ondoren herritarren erabilerarako ireki eta memoria zentro bihurtzeko helburuarekin. Udalak nabarmendu du “prozesu osoan justiziaren, egiaren eta erreparazioaren irizpideak lehenetsi” nahi dituela.
Urratsa gaur egin dute, Espainako Gobernuaren Ordezkaritzaren eskaera jaso ondoren. Izan ere, aurretik udalak berak eskatu zuen prozedura abiatzea. Horrela, azkenean, jauregia udalaren esku uzteko behin betiko azken faseari ekin diote.
Balio sinbolikoa
Eraikinak karga sinboliko handia du: bertan torturatu zituzten Lasa eta Zabala, besteak beste. Horregatik, udalak espazioa memoria zentro bihurtzea proposatu du, “iraganeko gertaerak gogoratzeko” eta “giza eskubideen aldeko pedagogia egiteko” gune gisa. Zentroaren edukia eta erabilera oraindik ez dituzte zehaztu, beste erakunde batzuekin adostu nahi dutelako hori.
Udalaren arabera, ekimenak “Memoria Historikoaren Legea betearazten” laguntzen du, lege horretan jasota baitago Espainiako Gobernuak jauregia udalaren esku uzteko konpromisoa. Hala adostu zuen Espainiako Gobernuak EH Bildurekin 2022an. Akordio horren arabera, handik urtebetera pasatu behar zen gunea Donostiako Udalaren eskuetara, baina urrian lau urte beteko dira akordioa egin zutenetik.


