Uber enpresa zerbitzua ematen hasi da Donostian, 30 ibilgailurekin
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako IG lizentziekin eskainiko du bere zerbitzua Uberrek Donostian.
Uber enpresaren auto baten artxiboko irudia.Wikipedia Uber ibilgailu gidaridunen enpresa (IG) Donostiara heldu da gaur, hilak 18, aurretik iragarpenik egin gabe. El Diario Vasco egunkariak aurreratutako eta hainbat hedabidetan argitaratutako informazioaren arabera, enpresa estatubatuarrak hiri barruko zerbitzua emango du nagusiki momentuz, baina baita Gipuzkoa barrukoa ere, irteera edo helmuga Donostia baldin bada.
Momentuz, 30 ibilgailurekin emango dute zerbitzua Donostian, denak %100 elektrikoak. Ibilgailu horien IG lizentziak, hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoak dira. Orain atariak argitaratutako informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiari buruzko premiazko bilera egingo du goizean zehar. Hain zuzen ere, gatazka juridikoa sortu daiteke lizentzien harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan behin baino gehiagotan ukatu baitie baimena IG enpresei.
Yarzak adierazpenak egin ditu gaiaren inguruan, eta nabarmendu du “udalerri guztiei” dagokiela “errealitate berri” hori “aztertzea eta kudeatzea”. “Donostiako Udalaren lehentasuna da erabiltzaileei ziurtasun juridikoa ematea. Dagoeneko, eskatu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari emandako lizentzien xehetasunak ematea, zer ahalbidetzen duen eta zer ez jakiteko”, gaineratu du. Era berean, Uberri bilera eskatu diotela azaldu du.
Aplikazio bidez
Asteazken honetako 11:00etatik aurrera, Uber enpresaren ibilgailuak bere aplikazioaren bidez kontratatu ahal dira Donostian. Era berean, AEBetako konpainiak azaldu duenez, euren asmoa da Gipuzkoa osora hedatzea zerbitzua, modu mailakatuan.
Gogoratu behar da, hala ere, zerbitzua ez duela zuzenean Uberrek ematen. IG enpresa batek jarriko ditu ibilgailuak eta gidariak, eta Uberrek bezeroekin harremanetan jarriko ditu gidari horiek, bere plataforma digitalaren bidez, komisio bat kobratuz: bidaia bakoitzaren %25.
Uber martxan zegoen dagoeneko Bizkaian, Lapurdin eta Nafarroan, eta Donostian zerbitzua martxan jarrita, Espainiako Estatuko hamazazpi hiritan dago jada. Hainbat lekutan, gatazkak sortu dira Uber eta Cabify estiloko enpresen eta taxi tradizionalen artean, negozio ereduarengatik. Hala ere, Espainiako eta Portugalgo Uberren zuzendari nagusi Felipe Fernandez Aranburuk esan du “taxiaren, tokiko enpresa sarearen eta administrazioaren eskutik” lan egin nahi dutela, “donostiarren eta bisitarien mugikortasuna hobetzen lagunduko duen garraio alternatiba seguru eta fidagarri bat eskaintzeko”.
PP, pozik
Donostiako Alderdi Popularra hainbatetan agertu da hirian Uber eta Cabify enpresek euren zerbitzuak eskaintzearen alde; joan den astean, Borja Corominas bozeramaileak argazki deigarri batzuk argitaratu zituen sare sozialetan, hain zuzen ere. Horrela, pozik agertu da alderdia albistearekin: “Logikoa, saihestezina eta positiboa donostiarrentzat”.
“Taxi zerbitzua ez da nahikoa Donostian, argi eta garbi, eta ez die erantzuten herritarren benetako beharrei”, Corominasen ustez. Hori dela eta, “herritarren eskari nabarmena dago, eta esperientzia eta teknologia egiaztatuak dituen enpresa bat, erantzun bat emateko prest dagoena. Uberrek edozein unetan iritsi behar zuen, eta pozik gaude egin duelako”, nabarmendu du.



