«Abortuaren kriminalizazioaren aurka» borrokatzera deitu du Itaiak
Abortuaren aurkakoei aurre egin die Itaiak.Itaia Garizuma hasi zen atzo, hilak 18, kristautasunak Aste Santuaren aurreko 40 egunetan egiten duen aldi liturgikoa. Horrekin batera, ohikoa da, oraindik ere, abortuaren aurkako pertsonak Amarako Askabide klinikaren aurrean elkartzea, 40 egunez. Hori dela eta, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Eason bertan, abortuaren aurkakoei aurre egiteko. Elkarretaratzearen aurretik, informazio puntua jarri zuten han bertan, eta hitzaldi bat eman zuten, gaiaren inguruan.
“Espainiako Estatuan abortua despenalizatu zenetik berrogei urte bete badira ere, abortatzeko eskubidea urratu egiten da oraindik ere”, salatu zuen Itaiak: “Gaur gaurkoz, emakume guztiok ez dugu eskubide hori bermatuta; izan ere, emakume migratzaile askok eta askok zailtasunak dituzte aborturako sarbidea izateko; muga burokratikoengatik eta legalengatik, batik bat. Horrez gain, abortu zerbitzua interes kapitalistetara azpiratuta dago, eta haren kalitatea baino gehiago irabazi ekonomikoak lehenesten dira”.

Itaiak abortuaren aurkakoei aurre egiteko antolatutako egitarauan, hitzaldi bat eskaini zuten Easo plazako kioskoan.Itaia
Hain zuzen ere, abortuarena eremu pribatizatua dela salatu zuten: “EAEn egindako abortuen %95 zentro pribatuetan egiten da. Osasun sistema publikotik bideratuta, baina klinika pribatuetan. Abortuak osasun sistema publikoan bermatzeko baliabideak egon badauden arren, sistema publikoaren finantziazioarekin enpresa pribatuek gauzatzen dituzte, diru publikoaren bidez aberastuz.
Horrez gain, abortatzera joaten diren emakumeek tratu txarrak jasotzen dituzte, ez zaie konfidentziatasunik bermatzen eta informazio falta nabaria da”.
“Abortatzeak estigma soziala eragiten du, oraindik ere”, gehitu zuten: “Aipatzekoa da horretan abortuaren aurkako talde ultraeskuindarrek betetzen duten papera. Esaterako, alderdi politiko ultraeskuindarrek instituzioetan abortuaren aurkako neurriak sustatzen dituzte eta abortu zentroen aurrean abortuaren aurkakoek inpunitate osoz egiten dituzte elkarretaratzeak, nahiz eta legez debekatuta egon”.
Horrela, borrokatzera deitu zituzten herritarrak: “Ezinbestekoa da irabazi kapitalistan oinarritutako gizartearen aurka eta doako eta kalitatezko aborturako eskubide unibertsalaren alde borrokatzea: emakume guztion eskura egongo den kalitatezko zerbitzuaren alde borrokatu behar dugu, batetik: enpresa pribatuen esku hartzea eta horretan instituzioek duten konplizitatea salatuz, edota profesionalek abortua ez praktikatzeko duten eskubidea seinalatuz. Bestetik, abortuaren aldeko defentsa irmoa gauzatu behar dugu, emakumerik ez dadin babesgabe sentitu eta ez dadin kriminalizatua izan egoera horretan”.
Askabide klinika, ultrakatolikoen jomugan
40 días por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) lelopean, urtero, haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten dute ultra katolikoek, garizumarekin batera. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainia Estatuko hainbat hiritan ere abortuaren aurkako “bijiliak” egiteko deia egiten dute. Orain arte, urtero elkartu izan dira Askabide klinikaren aurrean, eta urteak dira Askabidek jazarpena pairatzen duela. Ordea, Abortuaren lege berrituaren ondorioz, debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeei jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez ehun metrora egitea protesta.
2022ko apirilean, Donostian, mobilizazio feminista indartsua izan zen talde ultrakatolikoak eta eskuin muturreko hainbat taldek egindako elkarretaratzeen aurka. Izan ere, Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu zuten Amarako bizilagunek. Rezar No Es Delito delako elkartea zen antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus zitekeen: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin.



