Anestesia izango da Burdina Astintzen jaialdiko protagonista
Zarauzko Anestesia talde beteranoa. Maiatzaren 23an egingo dute bosgarren Burdina Astintzen jaialdia, Larratxo Kultur Etxean. Iazko helburu berarekin, euskarazko metal doinuak nabarmenduko ditu Herriko Burdina webgune antolatzaileak. Sarrerak martxoaren 5ean jarriko dira salgai Donostia Kulturaren webgunean.
Hiru talde ariko dira zuzenean: Anestesia, Kudai eta Hortzak. Zarauzko beteranoak izango dira protagonistak. Erantzun diskoaren 30. urteurren bira hasi aurretik, thrashcore laukoteak Donostian errepasatuko du haien ibilbide luzeko errepertorioa.
Kudai gipuzkoarrek, berriz, kontzertu esklusiboa emango dute, pasa den urtean elkartu eta Agur t’erdi lan laburra sareratu ostean. Bitxikeria gisa, David Heras abeslaria zinemagintzan aritzen da efektu berezien sortzaile gisa, eta dagoeneko Goya sari bat eskuratu du.
Araba eta Bizkaia bitarteko Hortzak bandak, berriz, estreinako kontzertu ofiziala eskainiko du. Paul Urkijo Alijo zinemagilea da kantaria, eta oraindik ez dira taula gainean aritu. Duela gutxi Ez dut pozik egon nahi bigarren diskoa argitaratu dute. Aurreko bitxikeriarekin jarraituz, Urkijo eta Heras elkarrekin aritu ziren lanean Gaua filmean, eta, horri esker, Goya sarietarako izendapena jaso dute efektu bereziek, besteak beste.


