Kirol eskalada herrikoiari bultzada emango dio Fortunak, beste behin ere
Pio Barojako boulder txapelketa herrikoia.Fortuna XVI. Boulder txapelketa herrikoia egingo du Fortuna kirol elkarteak, igandean, hilaren 22an, Antiguako Pio Baroja kiroldegian. Beste behin ere, antolatzaileen helburua da eskalada bultzatzea bere zentzu herrikoienean, eta edonori parte hartzeko aukera emango zaio txapelketan.
“Ikuspegi ireki eta herrikoi honetatik modalitate hau eskalada klasikoa baino askoz erakargarriagoa dela uste dugu, eskaladan lehen urratsak eman nahi dituenarentzat eta, aldi berean, ikuslearentzat. Eskalada maila ezberdinetako bide hautaketa dago, hastapenetan dabilenarentzat edota trebakuntzarik ez duenarentzat, eta partaideek ez dute mugarik izango, nahi adina bloketan saiatu ahal izango baitira”, nabarmendu dute.
Hainbat mailatan sailkatuta ariko dira pare hartzaileak. 10:00etatik 12:00era bitarte ariko dira 14, 16 eta 18 urtez azpikoak. Aldiz, 12:00etan hasiko dira seniorrak eta beteranoak. Azkenik, finalak, 16:00etatik 19:00etara jokatuko dira. Izen-emateak agortuta daude.
IRUTXULOKO HITZA da txapelketaren babesleetako bat, eta sari bat emango du.


