Martuteneko espetxean sartu dira Jon Enparantza eta Arantza Zulueta
Jon Enparantza eta Arantza Zulueta, Martuteneko kartzelara sartzen.Maider Alustiza Jon Enparantza donostiarra eta Arantza Zulueta bilbotarra Martuteneko espetxean sartu dira ostegun eguerdian, 13/13 auzian ezarri dizkieten kartzela zigorretatik falta zaiena betetzeko. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Sekzioak otsailaren hasieran agindu zuen bi abokatuak espetxeratzeko, eta euren kabuz joan dira espetxera.
Zuluetak zazpi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, “erakunde terroristako kide” izatea eta lehergaiak edukitzea egotzita. Enparantzak, aldiz, lau urteko zigorra zuen, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta.
Zigorrak 2022an ezarri zizkieten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean berretsi zituen. Auzian zehar, agerian gelditu ziren CNIren esku hartzeak eta tortura salaketak, baina, hala ere, zigorrak berretsi ditu, aipatu moduan, Auzitegi Nazionalak. Bi abokatuen defentsak errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du kartzelara sartzeko agindua geldiarazten.
13/13 auzia
Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten 2022an, baina euren zigorrak arindu egin zituen aurtengo urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenak, helegiteen zati bat aintzat hartuta. Horrela, Zuriarrainena hiru urte eta erditik bi urtera murriztu zuten eta Sarriegirena hiru urte eta egun batetik urte eta erdira. Euren erantzukizuna “hain larria” ez zela iritzita arindu zizkieten zigorrak, izan ere, epaiaren arabera, “kudeaketa eta mendeko erantzukizuna zuten, edo komunikaziokoa, ikertutako egituran, indarkeriazko jarduerekiko lotura faktikorik egiaztatu gabe”.
Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo abokatuak ere epaitu zituzten 13/13 auzian, baina absolbituak izan ziren. Zazpi horietatik, hiru donostiarrak dira: zigorrak jaso dituzten Enparantza eta Sarriegi eta absolbitu zuten Redondo. Epaiketa hasi zenean, 2021eko uztailean, Juan Mari Jauregi donostiarra ere bazegoen auzipetuen artean, baina urte hartako irailean zendu zen.




