Pertsonen legez kanpoko trafikoaren balizko kasu bat ikertzen ari dira
Udaltzaingoa hirian.Joseba Parron Hainbat pertsona ustez legez kanpo trafikatzen ari zen ibilgailu bat atzeman zuten asteartean Donostian eta ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, goizaldean, hainbat udaltzainek kontrako norabidean zihoan matrikula frantsesa zuen furgoneta bat ikusi zuten Amaran. Ibilgailua geldiarazten saiatu zirenean, gidariak ihes egin zuen, eta zenbait kaletan barreran ibili ondoren, GI-20 errepidean geldiarazi zuten, Aiete parean.
Barruan, jatorri asiarreko hainbat pertsona zihoazen, eta batzuk ihes egiten saiatu ziren. Ertzaintzak hiriaren kanpoaldean aurkitu zituen. Ez zeramaten dokumentaziorik soinean, eta komisariara eraman zituzten. Furgoneta barruan adin txikiko bat ere bazegoen, eta harrera zentro batera eraman zuen Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak.
Lehen ikerketen arabera, pertsona horiek ordainketa batzuk egin dituzte Estatu espainiarrera etortzeko, eta zenbait baldintza bete behar izan dituzte ere, esaterako, dokumentaziorik ez eramatea edo aurrez erabili ez den sakelako bat eramatea, agendan gordetako kontakturik gabe. Ondoren, Donostiako ertzain-etxeko patruilek aurkitu zituzten, hiritik alde egiten saiatzen ari zirela. Horiek guztiak agiririk gabe zeudenez eta egindako lehenengo ikerketen arabera pertsonen legez kanpoko trafikoaren ustezko kasu baten aurrean egon zitezkeenez, ertzain-etxera eraman zituzten, ikerketa bat abian jartzeko.


