Zer plan duzu astebururako Donostian?
'Bernarnda klownaren etxea' antzezlana, Zurriola antzerki eskola.Donostia Kultura Askotariko planak egin ditzakezu asteburu honetan Donostian, eta gure agendan aurkituko duzu kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabal bat. Era berean, ez ahaztu inauteriak oraindik ez direla bukatu, asteartean sardina erre bazuten ere: dibertimendua egingo dute larunbatean Añorgan eta Eltze Festa igandean Altzan, besteak beste. Horrez gain, egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 20), Loiola Kultur Etxera joatea da gure proposamena, Bernarda klownaren etxea antzezlana ikustera. Zurriola antzerki eskolak Federico Garcia Lorcaren obra ezagunaren umorezko bertsioa ondu du, eta bertan ikusi ahalko da, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.
Larunbatean (hilak 21), Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak euskararen inguruan hausnartzeko jardunaldia antolatu du, San Telmo museoan. Euskara biharretik biharrera: erronkak, joerak eta etorkizuneko aukerak leloa izango du topaketak, eta bi atal izango ditu: Esnatu ala hil liburuaren aurkezpena eta solasaldi bat. Helbide honetan eman daiteke izena.
Igandean (hilak 22), Alvaro Gaviria eta Paul San Martin blues bikote donostiarrak joko du Altxerrin, 20:00etan. Sarrerak han bertan daude salgai, 5 euroan; asteburua ixteko plan aproposa.
Bonus track. Azkenik, astean zehar egiteko plan proposamen bat: Edu Zabala idazleak euskaraz gidatutako literatur solasaldia egingo dute asteazkenean (hilak 25) Egiako Kultur Etxean, Adania Shibli idazlearen Detaile xume bat liburuari buruz.


