Aspegik Eider Sanchez donostiarra saritu du
Aspegi Sarien bukaerako argazkia, Eider Sanchez sarituarekin —ezkerretik hirugarrena da—.Arteman Hamaikagarren Aspegi sariak banatu zituzten atzo, Donostiako Gipuzkoako Parke Teknologikoan. Hain zuzen ere, Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien elkartea da. Ekitaldian 200 pertsona baino gehiago izan ziren, tartean, Jon Insausti Donostiako alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia.
Hemen, bazara leloa du sarien hamaikagarren edizioak. Gipuzkoako emakume enpresaburu zein zuzendarien talentua eta lidergoa omentzeko, bi sari banatu zituen elkarteak. Batetik, Eider Sanchez donostiarrak Enpresaburu saria jaso zuen. Naru Intelligence enpresaren sortzaileetako bat da. Bestetik, Leire Mugerza Mondragon Kongresuko presidenteari Zuzendari sari eman zioten.
“Ibilbide inspiratzaileak eta erreferente handiak dira biak, emakumeek gizartean duten lidergo-gaitasuna eta inpaktua ezin hobeto erakusten dutenak”, adierazi zuen Iratxe Pascual Aspegiko presidenteak.
Ekitaldiak enpresa sarea benetako berdintasunerantz eraldatzen jarraitzeko ekintza dei gisa balio izan zuela dio elkarteak. Sanchezek teknologiaren esparruan ekiteko oztopoetan jarri zuen arreta: “Enpresa teknologiko baten ekintzaile estandarraren estereotipoa ez zarenean, oztopoak eta hautsi beharreko estereotipo batzuk daude. Bilera bakoitzean erakutsi behar izan dut benetan nekiela zertaz ari nintzen”.
