Auzoa, identitatea, duintasuna
'Historias del buen valle' filma. Filma: Historias del buen valle.
Zuzendaria: Jose Luis Guerin.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Espainia.
Donostiako Zinemaldian arrakastatsu izan zen duela 25 urte Jose Luis Guerin. Haren En Construcción (2001) ez-fikziozko lana mugarri izan zen espainiar zinemagintzan, sortze prozesu berriak planteatu baitzituen, gidoi egite bisual etengabean sostengatutakoa. Hau da, muntaian. Nortasun berezia dute bere lanek, izaera propioa, eta ikuskera zinematografiaren jarraikortasun logikoaren emaitza da ere Historias Del Buen Valle.
Aurreko lanen ildoa jarraituz, museoetarako piezak sortzeko enkargu gisa jaio da, Jonas Trueba buru duen Los Ilusos ekoiztetxearen babesarekin. Mundu oso bat erretratatu du Guerinek Bartzelonako Vallbona auzoan. Hala, bokazio unibertsala du filmak, oso modu naturalean ehundutakoa, irisgarria, humanoa baita. Komunitate kontzientzia indartsua dario, elkarlanarena, elkarkidetzarena.
Auzoko biztanleak erakartzeko eta horien historiak ezagutzeko castinga martxan jarrita, pilatutako elkarrizketak bere horretan txertatu ditu zinemagileak, filma bera biluziz, zinema, bizitza bera bezala, denboraren baitan ematen den mugimendua, aldaketa eta unean uneko emozioa dela aldarrikatuz.
Zentzu honetan, Vallbonaren memoriari buruzko work in progress ariketa metalinguisitikoa da Historias Del Buen Valle, bere maisulanari erreferentzia eginez, etengabeko eraikuntza. Bada, ingurugiroaren, bertako bizilagunen eta horien istorioen lekuko izango gara, gizartean pil-pilean dauden gaiak aztertuko dituztenak: gentrifikazioa, landa eremu eta hiriaren arteko gatazka, aldaketa klimatikoa, migrazioa, identitate gatazka…
Historia eta istorio asko gurutzatuko dira, palinpsesto metaforiko baten habiapean, izan ere, gizabanakoaren aldeko aldarria da filma. Ukitu komikoekin, sentikorrekin, fantastikoekin eta, batez ere, zintzotasuna eta umiltasuna darion egiazko begiradarekin egindakoa.


