Gavina Viana, ahaztutako eredu antifaxista
Atzoko egunez, duela 135 urte, jaio zen Gavina Viana Viana donostiarra, 1891ko otsailaren 19an. Historia orokorrak ahaztu duen horietako bat da. Borrokalari antifaxista konbentzitua, 36ko gerran, lehen lerroan egon zen: PSUCeko Emakumeen Milizietako Gerra Sailaz arduratu zen.
Gavina Viana Viana, 1936ko abuztuan, miliziano talde bati formakuntza ematen, Camp de Botan.Robert Capa Asko dira historia hegemonikoak ahaztu dituen milizianoak, 36ko gerran faxismoaren eta ankerkeriaren aurka gogor borrokatu zirenak, gizarte hobe baten alde. Gizon asko ahaztuta badaude, zer esanik ez emakume borrokalari antifaxistak. Egon, ordea, egon ziren: Hego Euskal Herrian jaio, bizi edo borrokatu ziren 295 emakume miliziano ditu erregistratuta Ione Zuloaga Muxika Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak.
Hainbat dira 295 horien artean dauden donostiarrak, eta, segur aski, ezagunena Casilda Hernaez anarkista da, nahiz eta ez den, inondik inora, bere lubaki kide izan ziren gizon asko bezain ezaguna. Donostiaren historian ahaztuta gelditu diren horietako bat da Gavina Viana Viana.
Herrialde Katalanetan militante
1891ko otsailaren 19an Donostian jaioa, gazte joan zen Bartzelonara. Herrialde Katalanetan, laster hasi zen antolakunde sozialistetan militatzen, baita presentzia publikoa edukitzen ere. Zuloagak IRUTXULOKO HITZAn argitaratutako iritzi artikulu batean azaldu zuenez, Katalunian zein Balear Uharteetan konferentzia ugari eman zituen, jendaurrean kazikismoa eta klerikalismoa salatuz eta klaseen arteko borroka azalduz. Era berean, nabarmentzekoa da 1933an La Rambla hedabidean eskainitako elkarrizketa, non azaldu zuen euskalduna zela eta katalana ikasi nahi zuela.
1936an, PSUC alderdi sozialista bateratua sortu zuten Katalunian, eta bertan integratu zen Viana, baita Gerra Sailaren ardura hartu ere
Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian (1931-1939), Kataluniako Front Catala d’Esquerrasen parte zen Unio Socialista alderdiko militantea zen. 1936an, tropa frankistak errepublikaren aurka altxa zirenean, PSUC alderdi sozialista bateratua sortu zuten Katalunian, eta bertan integratu zen Viana, baita Gerra Sailaren ardura hartu ere.
PSUCek hainbat milizia antifaxista antolatu zituen, tartean, Emakumeen Miliziak. Viana eta beste kide batzuk arduratu ziren milizietan izena eman zuten emakumeei formakuntza militarra emateaz, Lenin eta Camp de la Bota kasernetan. 1936ko abuztuaren 16ko Crónica egunkarian, zera adierazi zuen: «Neskek metrailadore batekin tiro egitean duten naturaltasuna ikusi behar da orain! […]. Egunetik egunera, gero eta eskaera gehiago egiten dira Emakumeen Milizietan sartzeko».
Miliziak horiek Mallorcako frontean borrokatu ziren frankisten aurka, nagusiki. Gerra galdu ostean, 1939an, erbestera joan zen Viana, eta ez dago argi noiz eta non zendu zen.
Donostiako kale izendegia errege-erreginez, koronelez eta aristokratez beteta dagoen bitartean, asko dira ahaztuta gelditu diren donostiar eredugarriak. Horietako bat da Gavina Viana Viana, ideia erreakzionarioenen gorakadaren garaiotan, presente eduki beharreko erreferenteetako bat. Eredu bat.


