Kaxak oroitzapenez beteta, bide berri bati ekingo diote
Hamar urte bete ditu Nøgen musika talde donostiarrak. Hamarkada honen errepasoa egin du boskoteak, beraien betiko lekuan. Eta aritu dira denboraz, laguntasunaz, musikaz eta bizitako guztiaz. Hiru disko eta bi EPren ondoren, Kursaalean hasi zuten urtebetetze festa, eta geldialdi gehiago dauzkate aurreikusita. Ez dakite nora doazen orain, baina badakite nola eta norekin, eta elkarrekin itxarongo dute autobusak hurrengo geltokira eraman ditzan.
Hamar urte bete ditu Nøgen musika talde donostiarrak.Mario Lezaun Errekaldeko lokal txiki batean gertatzen da magia. Han jaio dira kanta asko, eta han egin dugu zita Markel, Alex, Ane, Jokin eta Olatzekin; aulkiak mugitu ditugu, mikrofonoetako hankak. Argazki sesio umil bat egin dugu, baina jaso dugu esentzia. Badakite zein postura hartu, nahiz eta, diotenez, bat ez den inoiz ohitzen horrelakoetara. Elkarrizketetara ere ez. Baina Anek esan du terapia pixka bat ere izan daitekeela elkartu eta hitz egitearena. Hamar urteko errepasoa kaxa batean bildu eta orain, hemen eta grabagailu baten aurrean, kaxetako guztia atera eta oroitzapenak biziberritzeko elkartu dira.
Markel, Alex, Ane, Jokin eta Olatz. Nøgen. Beren 10. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta ilusioz ireki digute beren etxeko atea. Kursaalean egin zuten urteurreneko lehen kontzertu handia, baina ez da azkena izango. Atzera begira jarrita, asko eta asko izan dira beraientzako emozionalki handiak izan diren oholtzak, edukieran txikiak badira ere. Eta txikitasunean handiak izateagatik ospatzen dituzte orain, bizipenez betetako hamar urte.
Lehen aldien berezitasuna
Zumaiako kaleek entzun zituzten, lehen aldiz. Beren lagun eta senideak izan ziren publikoa, Anek, Markelek eta Alexek bertan eman zuten kontzertuan. Zazpi abesti, bi aldiz. Sintetizadore bat, eta Coldplay taldearen Fix you. Beraien kantaren bat ere bai. Ondo gogoratzen dute egun hura: «Jotzen ari ginela, Alexek eman zion pedalaren botoi bati, grabatuta zeukan zati bat sartzeko, eta zerikusirik ez zuen beste abesti batena sartu zuen… Nahiko desatsegina izan zen!», kontatu du Markelek, barre artean.
«Txankletekin jo zuen, gainera!», xehetu du Anek. Txankletak eta galtza luzeak. Nøgenen legeak dio ezin dela kontzertu bat eman galtza motzetan. Horregatik, Kuban, 40 graduren azpian, galtza luzetan jo zuten. Jokinek legea aldatzeko saiakera egin du, halako batean: «35 gradutik gora egingo balu, galtza motzak onartu genitzakeen…». Baina ez da soilik estetika; profesionaltasun kontu bat da eta, Alexen hitzetan, esan nahi du hona «gauza serioak egitera» etorri direla. Txankletak, agian, eztabaidara eraman daitezke. Eta gerriko gisa erabiltzen diren lokarriak ere bai.
Urteurren festa urtarrilaren 3an hasi zuten Kursaalean,
eta ospakizun gehiago aurreikusi dituzte;
guztira, hamar kontzertu izango dira
Munduan barrena, noraezean
Ez zuten kalkulurik egin; ez zekiten noraino iritsiko ziren. Kontzertuak proiektatu zituzten; eta abesti berriak. Alexek Glastonburyn (Erresuma Batua) ikusi zuen bere burua, Nøgenekin. Hori oraindik ez da iritsi, baina bere baikortasunak ez dio ideia horretatik ateratzen uzten. Markel eta Ane, ordea, ezkorragoak dira: «Kursaalera jende gutxi etorriko zela pentsatzen genuen, eta Alexek zioen bi data egingo genituela», esan du Anek. Markelek segituan lagundu dio: «Alex antipodetan dago!». Baina hau «unibertsoa orekatzen» saiatzen da, besterik gabe.
Eta orain, munduan barrena jira eta bira ibili eta gero, Kuba, Finlandia, Japonia eta Brusela —esaterako— konkistatu eta gero, Kursaal eta Sagues goraino ikusi eta gero, bi EP eta hiru lan luze kaleratu eta gero, hemen jarraitzen dute. Eman dituzte kontzertuak eta kaleratu dituzte abesti berriak. Eta pozik daude, gorputzak eskatutakoari kasu egin diotelako. Intuizio batzuk bete dira, honezkero. «Gure ingurukoek presente dute gogor ari garela lanean, ezetz esaten diegulako plan askori. Badakite atzean dagoen guztia», esan du Markelek.
Urtebetetze festa Kursaalen
Aurtengo urtarrilaren 3an jo zuen taldeak Kursaalean, lehen aldiz. Festa polita izan bazen ere, estres handiarekin gogoratzen dituzte aurreko momentuak. Denbora apur bat gehiagorekin, agian, lasaiago ibiliko ziren. Galtza luzetan eta txankletarik gabe irten ziren, hori bai; ondo orraztuta, eta kolonia asko soinean, «paperean sartu eta kontzentratzen laguntzeko». Ez delako itxura, baizik eta nola sentiarazten zaituen itxura horrek. Orain arte, estilistekin egin dute lan, baina azkeneko biran beraiek hartu dute ardura hori: bi look, antzekoak, lanerako arropa gisa.
Kursaaleko urtebetetze kontzertua izan da, beste batzuen artean, hamarkada honetako momenturik hunkigarrienetako bat. Inflexio puntu bat. Eta atzera begira jarrita, 2017an Guardetxean eman zuten kontzertuaz gogoratu da Alex, hori izan baitzen «Nøgenen lehen kontzertu serioa», beraien ustez. Polit gogoratzen dute, gaztetxo eta etxean oholtzaratu zineneko hori. Markel Burgosen kokatu da, ordea; ehun pertsona ingururen aurrean, La Rua aretoan: «Areto handietan jotzea berezia da, baina toki txikiek zerbait magikoa dute. Sentsazioarengatik gogoratzen dut hain hunkigarria», dio Markelek.
Bidelagunak
Gurasoekin egindako udako bidaia batean ikasi zituen Anek lehen kantak, eta Gladys Enean elkartu zen Markel eta Alexekin, kanta horiek sakelakoarekin grabatzeko. Hasiera horrekin lotzen du Anek Oxigenoa abestia, eta samurtasunez gogoratzen du hori. Hasiera bat, arnas hartze bat eta aurrera egitea. Aneren abesti gustukoena da Oxigenoa. Alexena, Glastonbury, noski —gogoratu, proiekzio bat dagoela tartean—. Ados daude denak. Olatzek, birritan pentsatu gabe aipatu du Abendua, La MODAko David Ruizekin.
Ruiz da bidetik topatu duten harribitxi horietako bat. La MODA, Janus Lester, Eraul… topatu dute jendea, egin dituzte lagunak eta partekatu dute aspaldikoekin. Egin dute natural, lagunekin kantatzen dutelako; lagunak direlako edo elkarrekin kantatu dutelako. Indar horrek batu dituelako.
Sokari tiraka
Indarrez aurrera egin arren, guztiak gainezka egitearen sentsazioa ere izan da taldearen parte. Beraientzako Nøgen izan da astelehen gogor bat eta izan da ostiral alai bat. Baina merezi izan du errusiar mendi horretara igotzeak. «Egon dira momentu batzuk, pentsatzen duzula: ‘horregatik soilik, merezi du’». Eta aurrera. Fantasiak alde batera utzi eta etxean geratzea. Alexek dio behin edo behin pentsatu duela dena uztearekin, eta Kolonbiara bizitzera joatearekin, arrantzara. Eta han bizi. «Hori pentsatzen dut astelehenetan», esan du, barrez. «Ostiraletan, lagunekin elkartzen zara eta baloratzen duzu Donostian gelditzearena».
Oreka askorik ez omen da egon taldean, inoiz. Erritmo konstante batean joan ordez, «tiroika» joan direla azaldu du boskoteak. «Ez da naturala erregularra ez den proiektu bat mantentzea, baina guk hala egin dugu: sokari tiraka, tira egin behar genuenean, eta soka heltzen, indarrik gabe gelditzen ginenean», Markelek. «Eta lagunak izateak ere lagundu du», moztu dio Anek. «Lagunak garelako saiatzen gara elkar zaintzen, ahal den heinean». Taldeak izan ditu bere joan-etorriak, eta horrek mantendu ditu elkarrekin. «Joan-etorri horiek badira Nøgen bizirik dagoenaren seinale», gehitu du Alexek.
Euren arteko laguntasunak ere mantendu du bizirik
taldea; elkar zaintzea eta
sostengatzea funtsezkoa izan da aurrera egiteko
Emozioen hizkuntzan
«Asko jotzen dugu emozioekin eta publiko entregatu batek esperientzia hobetzen digu, gure emozioak gora doazelako. Jendeak gustuko du gure energia. Hori da Nøgenen puntu fuerte bat», esplikatu du Markelek. Eta eduki dituzte aukera hunkigarri bezain bereziak, emozio horiek gora egin dezaten. Saguesen jo zuten duela bi urte, Donostiako Aste Nagusian, eta Anek oroitzapen bat ekarri du gogora: «Askotan esaten diot neure buruari kontzertu baten erdian: ‘Ane, egon presente momentu honetan, hau ez duzulako askotan biziko. Eta begira zeinen fuertea den’. Saguesen pasa zitzaidan. Horrek disfrutarazten dit». «Ez da ona emanaldian oso sartuta egotea, ezta ere; teknikoki ezin hobeto egin nahi izateak gauza asko galtzeko arriskuan jartzen zaitu. Erdibidean egon behar duzu», dio Markelek.
Euskaraz kantatzen dute nagusiki, baina gaztelaniaz eta ingelesez ere entzun izan ditugu. Ideiak datozen moduan datoz, «naturalki datozen moduan» eta hitzek berek nahi duten hizkuntzan datozela diote Nøgenekoek. Eta itzultzen saiatuta ere, ez dela gauza bera. «Elebiduna izateak baditu bere alde on eta txarrak; batzuetan bi aukera izatea okerragoa da aukera bakarra izatea baino, eta erabaki egin behar duzu. Errealitatea da, gaztelaniaz ere pentsatzen dugula». Hala ere, hautua egina dute, honezkero: «Nabaritzen da gure ama hizkuntza euskara dela, eta hor sentitzen gara erosoen», azaldu du Markelek.
Sentimendu konpartitu bat
Zaila da pertsona baten barrualdetik irteten den sentimendu batek talde osoa identifikatzea. Baina Nøgenen ohituta daude anbiguotasunera, pertsonaletik taldekakora pasatzera. Hitzak ekartzen dituen horrek ekartzen dituelako emozioak, eta elkarbanatzean egiten du abesti hori Nøgenena. Eta Nøgenek, denona.
Batzuetan soilik hezurduratik, eta beste batzuetan oso bideratuta datorren ideia batetik abiatzen dira, hurrengo kanta sortzeko. Denek izan dute ideiaren bat noizbait, baina, azkenaldian, Alexen ideiek kozinatzen dituzte melodia berriak. Eta gero, denen artean moldatu, bukatu eta bideratzen dituzte.
Azkeneko diskoaz geroztik, ordea, ekoizleekin hasi dira lanean. Beti izan dute lan egiteko estruktura bat, formulak errepikatu dituzte, eta hori saihesteko, erabaki zuten kanpoko jendea proiektuan sartzea. Eta «aberasgarria» da, fronte berriak ireki dituelako. «Orain, garrantzi handiagoa ematen diogu diskoak zentzu bat izateari, abestiek lotura bat izateari», esan du Anek. Eta horrek ekarri dezake jendeak ez ulertzea, baina koherentea da beraientzat. «Ez ditugu disko oso kontzeptualak egiten, baina bai saiatzen gara guretzat logika bat izan dezan», gehitu du Markelek.
Lehen ez bezala, diskoek beraientzat koherentzia bat
izan dezaten saiatzen dira orain, abestien arteko
loturak bilatuz
Oihu eta kanta artean
Aitortu dute hasierako abesti batzuk ez direla iristen gaur egungo kalitateen estandarretara, baina «hasiera zelako» idatzi behar zirela. Eta horregatik daudela hemen. Hala, abesti zahar asko zuzeneko emanaldietan aldatzen dituzte, adibidez. «Bada modu bat bertsio gaurkotuago bat egiteko».
Eta aritu dira oholtza gainekoaz. Alexek azaldu du jende kopuruaren araberakoa dela disoziazio maila, oholtza gainean. Gero eta jende gehiago egon, orduan eta gutxiago ikusten dela oholtza gainetik eta horrek ez duela urduritasunik eragiten. Jende gutxi dagoenean, ordea, aurpegien espresioak ikusten dira, eta horrek bai hunkitzen duela. «Edo familia, edo kuadrillaren aurrean jotzea… oso gogorra da», gehitu du Markelek. «Egia da baduzula botere bat oholtza gainean, publiko gisa ez duzuna; ikusle bati begira-begira gelditzen bazara, segituan kenduko dizu begirada». «Edo sakelekoa aterako du nola begiratzen duzun grabatzeko!», Jokinek, barrez.
Betetzen dituzten areto eta plaza guztietan ez daudelako bakarrik. Entzuten dutelako jendea kantuan, espresioak ikusteaz haratago. Lekeitioko jaietan emandako kontzertua ala Bilboko Kafe Antzokian bira hasiera egin zutenekoa gogoratu dute, publikoaz mintzo direnean. Eskertuak dituzte jarraitzaileak, fidelak. Abesti berri bat, eta jendea kantuan. Eta denak pozik. Eta harridura, abesti berriak ere badakizkitelako. Helarazten dituzten emozioengatik izango da, akaso.
Jendearen oihuak, aharrausiak, hizketaldiak. Irainen bat, agian, ere bai. Horrelakoak ere jaso izan dituztelako, urte hauetan zehar: «Ipar Euskal Herrian jotzen ari ginela, gizon bat oihuka hasi zitzaigun. Frantsesez eta gaztelaniaz egiten zuen. Agian, ez zitzaion gustatu gu euskaraz kantatzen entzutea», kontatu du Markelek.
Aulki batentzako bost hanka
Proiektua eusten duten bost hanka, bost pilare dira bere alde lanean dihardutenak. Eta ordubetez beraiekin egon eta gero, horrela aurkeztu ditzakegu pilare horiek:
Olatz Cuevas; merchandising-aren arduraduna eta diruzaina. Hotelen erreserbak ere bere esku daude, eta taldearen «engranajea» da —bere despiste batek, behin edo behin, galera ekonomiko handiak ekarri ditu—. Baxua ere jotzen du.
Alex Irazusta; taldeko baikorra, baina ez puntuala. Taldearen sare sozialak eramaten ditu, nahiz eta berak dioen sareek bera eramaten dutela. Txankletetan jotzeko gai da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi «hona gauza serioak egitera» ez datorrenik. Gitarra jotzen du, baita kantatu ere.
Jokin Guilisagasti; «egiaren ardatza, jakinduriaren ahotsa». Profil baxuan egon arren, energia latente batekin nabaritzen da bere presentzia. Bateria jotzeaz gain, kopilotu bikaina da. Taldeko aitatxo, kasu handirik egin ez eta urte batzuetara «esan nizuen!» esaten duen horietakoa.
Markel Idigoras; esku batean ukelelea eta bestearekin iruzurtiaren sindromeari eskutik helduta kantatzera irtetzen dena. Japonieraz hitz egiteko gai da, japonieraz ezertxo ere jakin gabe. Oholtza gainean dena ematen du, behintzat, inor aharrausika ikusten ez duen bitartean.
Eta azkena, Ane Negueruela; Markeli eta iruzurtiaren sindromeari esku bana, honek ere. Oholtza gainetik aurpegien espresio guztiak ikusteko gai da, baina hori baino lehen, gustuko du aretoaren edo plazaren energia baieztatzea, erlaxatzeko. Soineko aldaketekin arazoren bat izan du noizbait, baita koloretearekin ere, baina, lasai; Viktoria Eugenian jotzen duenean, ez zaio pasatuko.
Etxe aldaketa batean murgilduta orain, kaxak betetzen hasi dira. Eta sartu dute beraiekin batera oholtzak konkistatu dituen sofa hori, Aneren soineko zuria eta oroitzapen pila bat. Itxi dituzte kaxak eta eseri dira autobusaren zain. Nahi duten lekura eramango dituen horren zain. Bidearen amaieran dagoen oasira eramango dituena. Nøgenen bertsiorik hoberenera. Eta eroso itxarongo dute hor. Hurrengo geltokia: Madril.







