Pradales lehendakariak iragarri du Ayesaren egoitza Donostian geldituko dela
Ayesa enpresa, Miramonen. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, Ayesa enpresaren egoitza Donostian geldituko da. Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi ondoren, azken asteotan, enpresa horren egoitzaren etorkizuneko kokapena eztabaidagai izan da. Ordea, EH Bilduren bozeramaile Pello Otxandianoren galdera bati erantzunez, lehendakariak esan du egoitza hirian geldituko dela, operazioko akziodun guztiek hala adostuta.
Hain zuzen ere, “Ayesa Donostian sortu eta garatu zen, eta gobernu gisa uste dugu bere egoitzak han jarraitu behar duela”, esan du Pradalesek. Auziak Eusko Jaurlaritzako gobernu bazkideen artean desadostasunak sortu ditu (EAJ eta PSE-EE), baina baita EAJren barruan ere. Hala ere, eztabaida itxi nahi izan du gaurkoan lehendakariak.
Donostiako Udalbatzak urtarrileko udalbatzarrean onartu zuen EH Bilduk Ayesaren egoitzaren inguruan aurkeztutako mozioa, Kutxa Fundazioari eta Jaurlaritzari eskatuz Ayesaren egoitza Miramongo parke teknologikoan geratzeko lan egin dezatela. Era berean, hiriak Ayesa ITren egoitzan erabaki ahalmena izateko, Kutxa Fundazioak erosketan parte hartzea sustatzea eskatu zuten mozioarekin. Mozioa udal talde guztiek babestu dute, EAJk izan ezik.
