Esnatu, ez hiltzeko: euskararen erronkei heltzeko gakoak, mahai gainean
'Euskara biharretik biharrera' jardunaldiak egin ditu Bagera Euskaltzaleen Elkarteak Donostian. Euskararen erronkak, joerak eta aukerak aztertu dituzte.
Maite Reizabal kazetariak gidatuta (ezkerretik, lehena), euskararen erronkak aztertzeko mahai ingurua egin dute Garikoitz Goikoetxeak, Eider Saraguetak eta Haritz Azurmendik, Bagerak antolatutako jardunaldietan.Beñat Parra Esnatzea ala hiltzea. Hori da Garikoitz Goikoetxea kazetariak eta Iñaki Iurrebaso soziologoak Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuan (Elkar, 2025) mahai gainean jarri duten dikotomia, euskarak azken hamarkadotan izandako bilakaera soziolinguistikoa, aurrera begirako joerak eta erronkak aztertuz eta aurrera egiteko gakoak hizpidera ekarriz. Euskalgintza astindu du lanak, eta, hori dela eta, hizpide izan dute gaur (hilak 21) San Telmo museoan, Bagera elkarteak antolatutako Euskara biharretik biharrera. Erronkak, joerak eta etorkizuneko aukerak jardunaldietan.
Goikoetxeak berak ireki du goiza, liburuaren aurkezpen zabal batekin. Euskarak azken mendean izandako bilakaera soziolinguistikoaren argazki osoa edukitzeko hamaika datu aurkeztu ditu kazetariak, baita azaldu ere hiru fasetan banatu daitekeela euskararen azken mendeko historia: ordezkapena (1906-1971), hizkuntza handiak txikia jan zuen; indarberritzea (1971-2001), euskalduntze olatu handi bat izan zen, baina ez zuen lortu XX. mende hasierako egoerara itzultzea eta, azkenik, geldotzea (2001-gaur egun), ez badago aurrerapausorik, atzera egiteko “arriskua” dago.

Aiora Enparantza Bagerako langilea, Garikoitz Goikoetxea aurkezten, San Telmo museoan, Bagerak antolatutako jardunaldietan.Beñat Parra
Horrela, zazpi aztergairen bueltan heldu behar zaio euskararen egoerari eta etorkizunera begirako erronka eta aukerei, Goikoetxeak azaldu duenez: gaitasuna, erabilera, atxikimendua, bilakaera, sozializazioa, demografia eta lurraldetasuna. Bakoitzaren inguruan luze eta zabal aritu da elduaindarra, baita ondorio nagusi batzuk atera ere. Batetik, azaldu du gaitasuna dela, une honetan, euskararen “ahulgune nagusia”, erdara hizkuntza nagusitzat duten herritarrak %84 direlako, euskara nagusi dutenak %8 diren bitartean.
Bestetik, gaitasun erreal hori kontuan hartuta, “erabilera handia” dela mahaigaineratu du; %13koa da euskararen kale erabilera —etxekoa altuagoa da—, baina gaitasun datuak eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta, egungo “maximo posibletik gertuago dago, minimo posibletik baino”. Eta hori, nabarmendu duenez, atxikimenduari esker da: “Euskararen erabileraren %37 kontrako baldintzetan egiten da, deseroso”. Horregatik, ondorioztatu du atxikimendua dela, egun, euskararen “indargune nagusia”, nahiz eta “argi laranja batzuk” ikusten hasiak diren zentzu horretan ere dagoeneko. Atxikimenduaren fenomenoa lurraldetasunarekin lotu behar da, izan ere, Goikoetxeak azaldu duenez, Hego Euskal Herriko herritarren %83 bizi da erdara nagusi den udalerrietan —Ipar Euskal Herrian ez daude udalerriz udalerriko datuak—, eta, era berean, biztanleriaren %11k egiten du euskararen erabileraren %51: “Gipuzkoan, Donostia eta Irun ditugu irabazteko, adibidez, eta Tolosa, Zarautz eta Azpeitia ez galtzeko”.
Era berean, aztergai demografikoari heldu dio: gazte euskaldunen emigrazioa, atzerriko herritarren immigrazioa, Euskal Herriaren barneko migrazioak, gizartearen zahartzea, etxetik ez euskara ez jatorrizko hizkuntza sendo bat ez dakarten herritarren ehunekoaren handitzea eta abar. Hain zuzen ere, erronka handi bati heldu behar zaio zentzu horretan, azaldu duenez, migratzaileen proportzioa “bikoiztu” egingo baita hamar urtean eskoletan, datuen arabera.
Horrela, gordin adierazi du zazpi aztergai horien arabera “galera fasea” dagoela ortzi mugan, baina horrek ez duela esan nahi, inondik inora ere, dena galduta dagoela: “Aurreikuspenak ez dira kristalezko bolak, norabidea aldatzea da funtsa. Elbira Zipitriak 1960ko hamarkadan egin zitzakeen aurreikuspenak bete izan balira, hilda beharko luke euskarak orain, baina hemen gaude. Olatu berria behar du euskarak”.
“Prest gaude hezkuntza komunitatean esperientzia pilotuak martxan jartzeko?”
Eider Saragueta, irakaslea eta ikerlaria
Hezkuntza ardatz
Datu, aurreikuspen eta erronka guztiak irensteko luntxa egin ostean, mahai inguruan murgildu dira euskaltzaleak. Maite Reizabal kazetariak gidatuta, euskararen erronkei heltzeko zenbait gako izan dituzte hizpide Goikoetxeak berak, Eider Saragueta irakasle eta ikertzaileak eta Haritz Azurmendi Gizarte Zientzietan doktoreak. Hezkuntza izan da eztabaidagai mahai inguruaren zati handi batean, izan ere, aipatu moduan, migrazio prozesuen ondorioz, gero eta gehiago dira etxetik euskara ez dakartenak ez ezik, gaztelania sendo bat ere ez dakartenak, joera izan delako jatorri atzerritarreko herritarrei esatea etxean gaztelaniaz hitz egiteko, gaztelania trakets bat izanik ere, euren jatorrizko hizkuntzaren ordez. Horrela, gero eta gutxiago dira jatorrizko hizkuntza sendo bat duten haurrak, eta are gutxiago etxetik euskara sendo bat dakartenak.

Maite Reizabal kazetariak gidatuta (ezkerretik, lehena), euskararen erronkak aztertzeko mahai ingurua egin dute Garikoitz Goikoetxeak, Eider Saraguetak eta Haritz Azurmendik, Bagerak antolatutako jardunaldietan.Beñat Parra
Horrek “gotortzea” eragin dezake euskaldunengan, azaldu dutenez, baina Goikoetxeak argi esan du “akats handia” litzakeela gotortze hori praktikan jartzea: “Gotortzea ez, baina trinkotzea behar dugu”. Era berean, ume txikiei dagokienez ez ezik, nerabeei dagokienez ere bada zer hausnartu, nabarmendu duenez. Ildo horretatik, Saraguetak azaldu du Herbehereetan, immigrazio asko duen herrialde batean, haurrak denbora batez soilik hizkuntza ikasten edukitzen dituztela, gainerako irakasgaietan murgildu aurretik: “Prest gaude hezkuntza komunitatean esperientzia pilotuak martxan jartzeko?”, galdegin du. “Ezin duguna egin zera da: hogei haur dituen ikasgela batean hiruk etxetik badakarte euskara, horiei pisu neurrigabea jartzea, etengabe horiek saritzea, taldekatzeak egitea. Zer presio jartzen diegu ume horiei? Noiz eta norekin hitz egiten dute?”
Haur eta nerabeetan ez ezik, helduetan jarri du fokua Azurmendik: “Umeen eskola helduen lan esparrua da, eta hor hutsune handiak ditugu euskararen erabilerari dagokionez”. Era berean, nabarmendu du “heldu asko” direla euskaltzaleak, baina askok ez dakitela “hori nola praktikan jarri”: “Agian, komeni zaigu errepasatzea garai bateko pultsu egituratzaileak, jakiteko zer egin dugun eta zer dugun egiteke”. Jatorrizko hizkuntzaren gabeziara itzuliz, “ez badute etxeko hizkuntza maitatzen, nola maitatuko dute euskara?”, galdegin du Saraguetak: “Badago kontzientziazio lana egiteke”, nabarmendu du.
“Komunistek komunismotik irakurri behar dute euskaltzaletasuna, feministek feminismotik, abertzaleek abertzaletasunetik eta abar”
Haritz Azurmendi, Gizarte Zientzietan doktorea
Olatu berria egituratzea
Hezkuntzatik harago, olatu euskaltzale berria eraikitzeko beharrarekin bat egin dute hizlariek, arlo guztietatik: “Hizkuntza politika ez da soilik egiten Euskara arloetatik. Ikuspegi integrala behar da: AHTa Madriletik Parisera iristen denean, adibidez, ondo egingo dio horrek euskarari ala gaizki? Mugimendu feministak erakutsi digu betaurreko moreekin begiratzen munduari, eta gauza bera egin behar dugu euskararekin”, azaldu du Goikoetxeak. Ildo beretik jo du Azurmendik: “Komunistek komunismotik irakurri behar dute euskaltzaletasuna, feministek feminismotik, abertzaleek abertzaletasunetik eta abar”.
“Elbira Zipitriak 1960ko hamarkadan egin zitzakeen aurreikuspenak bete izan balira, hilda beharko luke euskarak orain, baina hemen gaude. Olatu berria behar du euskarak”
Garikoitz Goikoetxea, kazetaria
Horrela, sare sozialetan euskararen presentzia oso urria denaren jakitun, esparru hori euskaratik egituratu behar dela nabarmendu dute hizlariek, baina ez soilik: euskal kulturaren transmisioan hutsuneak daudela ekarri dute hizpidera, formakuntza soziolinguistikoa behar dela hezkuntza zentroetan, inposizioaren ideiari beldurra galdu behar zaiola —oldarraldiarekin lotura, ez duelako inolako oinarririk, agerian utzi dutenez—, Euskal Herriaren burujabetza ezin dela alde batera utzi.
Hirurek argi azaldu dute euskalduntzearen eta euskaltzaletasunaren “fase egituratzaile” batean gaudela, eta orain jokatzen dela hurrengo hamarkadotan euskarak izango duen egoera. “Kontzientzia indartu behar dugu”, nabarmendu du Saraguetak. “Euskararen borroka politikoa da, eta imajinazioa zorroztu behar dugu, bestela statu quo-a erreproduzitzera mugatzen gara”, gaineratu du Azurmendik. “Euskara hizkuntza minorizatua da eta izango da, baina hizkuntza politikek olatua egituratzeko oinarriak jarri behar dizkigute”, mahaigaineratu du Goikoetxeak, baina mezu baikorra zabaldu ere: “Animo eta eutsi. Sokatiran jarraitu behar dugu, bestela inertziak eramango gaituelako. Egiten dugun lan guztiak ez dizkigu ematen nahi ditugun emaitzak, baina emaitzak eman, ematen ditu; horri esker iritsi gara bizirik honaino”.

