«Guztientzako arau berberak» behar direla dio udalak, Uberren iritsieraren harira
Artxiboko irudia. Uber ibilgailu gidaridunen (IG) enpresa multinazionala ezustean heldu da Donostiara aste honetan, eta askotariko erreakzioak eragin ditu. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak asteazkenean adierazi zuen enpresa estatubatuarrarekin biltzeko asmoa, eta “taxiaren sektorearekin bilerak” egin eta Uberrekin “lehen hurbilketa” egin ostean, adierazpenak egin zituen Jon Insausti alkateak ostiral arratsaldean: “Plataforma berriak eta zerbitzuak emateko eredu berriak gure egunerokotasunaren parte dira, eta hiri gisa ezin dugu errealitate horren aurrean beste aldera begiratu”, nabarmendu zuen.
Egoerari “arduraz, lasaitasunez eta beti donostiarron interesean pentsatuz” heldu behar zaiola esan zuen Insaustik, lehentasun batekin: “Herritarrek pertsonak garraiatzeko ahalik eta zerbitzurik onena izatea bermatzea”. Horretarako, hala ere, udalak “oinarrizkotzat” jo duen “printzipio bat” dago, alkatearen hitzetan: “Arau berberak aplikatu behar zaizkie eragile guztiei. Eskumena bidezkoa izateko, baldintza berdinetan garatu behar da, arau-esparru argi eta zorrotz baten barruan”.
Ildo beretik, “elkarbizitzaren” alde egin zuen Insaustik: “Kontua ez da elkarbizitza hori ukatzea, behar bezala kudeatzea baizik, esparru argiak eta orekatuak ezarriz”.
