Pentsioen balioa «berehala eta behin betiko» handitzeko exijitu dute pentsiodunek
Pentsiodunen manifestazioa, Donostian.Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak antolatu ditu larunbat honetan Donostian eta Bilbon, pentsio duinen alde. Donostian, hamarnaka herritarrek egin dute bat mobilizazioarekin, eta 12:00etan Bulebarretik abiatuta, euren aldarrikapenekin bete dituzte Erdialdeko kaleak. Argi azaldu dute euren aldarrikapen nagusia, amaierako irakurketan: “Espainiako Estatuko Gobernuari eta Kongresuari exijitzen diegu pentsioen berehalako eta behin betiko errebalorizazioa”.
Hain zuzen ere, gogoratu behar da PP, Vox, UPN eta Junts alderdi politikoek, Espainiako Kongresuko euren aurkako botoekin, atzera bota dutela, berriki, pentsioen igoerari buruzko dekretua. Pentsiodunen ustez, horrek “agerian” utzi du alderdi horientzat euren “interes partikularrek lehentasuna dutela pertsonen bizi baldintzak hobetzearen aurrean. Pentsioen igoera eta ezkutu soziala delakoa indargabetzea da esaten dugunaren froga nabarmenena”.

Pentsiodunen mugimenduaren manifestazioaren amaiera, Bulebarrean.Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua
“Onartezina da gobernua lege hau betetzeko eta bermatzeko gai izan ez izana”, gaineratu dute: “Gobernuak beharrezkoa dena egin behar du pentsiodunengan eta bereziki pentsioarekin hilabete amaierara iritsi ezin diren pertsonengan segurtasun falta, urduritasun eta haserre gehiago ez sortzeko”.
Era berean, aldarrikatu dute ez dela nahikoa 2026ko pentsioen balioa handitzea, harago joan behar dela baizik. Honakoak aldarrikatu dituzte, ildo horretatik: “Pentsioen urteko errebalorizazioa bermatzea. Galdutako erosahalmena berreskuratzea. Pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea eta gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea. Eta Euskal Aautonomia Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuek gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataraino osatzea”.
