Sarrigurengo hilketa matxista salatu du Itaiak Donostian
Gizonezko batek 28 urteko emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen ostiralean Sarrigurenen (Nafarroan), eta Itaiak Donostiako hainbat puntutan salatu du hilketa. Bestalde, Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzera deitu du astelehenerako.
Besteak beste, Easo plazan salatu du Itaiak Sarrigurengo hilketa matxista.Itaia Gizon batek 28 urteko emakume bat hil zuen ostiral iluntzean Nafarroako Sarriguren herrian, baita beste bat larri zauritu ere. Herri horretako Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean izan zen hilketa, gizonezkoak bikotekideari labanaz eraso zionean; emakumearen ama ere zauritu zuen erasoan. Poliziak ostiralean bertan atxilotu zuen gizona. Bikoteak adin txikiko lau seme-alaba ditu, eta horietako bat etxean zegoen erasoaren momentuan.
Horren guztiaren aurrean, Donostiako Itaia emakumeen antolakunde sozialistak hiriko hainbat lekutan salatu du hilketa matxista, larunbat goizean, pankartak jarriz: Anoeta inguruan, Eason, Bretxan, Kursaalaren ondoan eta abar: “Indarkeria matxistaren aurpegi gordinena dugu hau eta emakume langileon zapalkuntza gogortzen ari den honetan, matxismoaren aurkako borroka kalean indartzeko momentua da”, nabarmendu dute.
Emakumeen Mundu Martxaren mobilizazioa, astelehenean
Sarrigurengo hilketa matxista horren aurrean, mobilizazioetara deitu du Emakumeen Mundu Martxak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, datozen egunotarako. Donostian, astelehenean mobilizatuko dira (hilak 23), 19:00etan, Bulebarrean, Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean.
“Eraso hau ez da gertaera isolatu bat: feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena”, salatu du Emakumeen Mundu Martxak, eraildako emakumearen senideei “elkartasuna” adieraztearekin batera. Era berean, autodefentsa feministara deitu dute: “Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da, elkar zaintzea eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatzea. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko”.


